'Zomorrotu' ipuin bilduma aurkeztu du Aintzane Usandizagak Agora tabernan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko api. 28a, 19:03

Lagunez inguratuta ospatu du lan berriaren kaleratzea idazle lasarteoriatarrak. Bertaratu diren herritarrekin batera, Danele Sarriugarte izan du alboan aurkezle lanetan, Oihana Aranak eta Leire Vargasek, berriz, pasarte batzuk irakurri dituzte, eta Antuxuna ta Patx musikariek girotu dute ekitaldia. Ipuin liburua da, elkarren artean lotura duten bost istoriok osatua.

Mahaiak egon ohi diren lekuan, zortzi aulki eta aurrez aurre beste bi daude. Albo batean atrila eta mikrofono bi, beste aldean, musikarien txokoa. Gainerakoei begira dauden bi eserlekuak norentzat diren jakina da, besteak, berriz ez. Eta ez dira inondik ere nahikoa. Azkar bete dira eta zorua leku ona izan da zutik gelditu nahi izan ez dutenentzat. Atzeko mahaiak hartuta, libre zeuden txokoak bete dituzte aurkezpen festara etorritakoek. 

"Sozializatzeko zomorroak behar ditugu eta zomorroak dira kodigoak, antzezpenak, diskurtso jakin batzuk... eta gorputza sartzen da hor ere bai oso modu nabarmenean. Nola janzten garen, zer jarrera hartzen ditugun, askotan oharkabean ere dena da horren parte”. Hori da elkarren artean lotura duten bost ipuineko liburuaren esanahia. Bertan agertzen diren gaiez eta pertsonaiez mintzatu da egilea Danele Sarriugarterekin. Prozesuan lagun izan du lasarteoriatarrak, eta liburuko pertsonaiekin askotan identifikatu dela aitortu du galderei ekin aurretik. “Uste dut poliedrikotasuna oso ondo landu duzula. Ikusiko ditugu hainbat pertsonaia beraien bizitzako momentu batean ez dakitela oso ondo nondik jo”.

Autoeskolako irakasle sasi filosofoa, keinu bilduma egiten duen neska beti-jatorra, lesio bat eta landare asko zaindu behar dituen aita kezkatua, ikuspegi originalen bila dabilen musikaria… Haiek sortzeko abiapuntu ezberdinak izan ohi dituela azaldu du Usandizagak, pertsonaia jakin batzuk ingurune batean nola moldatzen diren ikustea gustatzen zaiola. Pertsonaiak berriro agertzen dira ipuinetan, baina beste leku batean. Izan ere, “jolas” hori izan zen liburuaren abiapuntua: Pertsonaia berdinak nolakoak diren beste pertsonaia batek kontatzen dituenean. Beraz, informazioa zatitua eman, eta irakurleak bere iritzia sortzen joan behar du, “zuloak osatzen”. Ondorioz, egiturak garrantzia berezia izan du sorreratik, eta Usandizagak lan handia egin du bai loturari bai ordenari dagokionean. Pertsonaien arteko harremanak edo batek egiten zuen ekintzak beste batzuei eragiten baitzien. “Hori zen islatu nahi nuena, hori zen liburuaren erronka handiena”.

Liburuan agertzen diren gaien artean bi nabarmendu ditu lasarteoriatarrak. Batetik, oso zaila dela bi pertsonek gauza berdina modu berean ikustea, eta bestetik, idealen eta errealitatearen arteko aldea, hau da, “izan nahiko genukeen hori, baina izatera iristen garena”. Horrekin batera, beste batzuk ere azaleratu dira: dena izan nahia, egonkortutako harremanetan lekuz kanpo sentitzea, laguntasuna, une bakoitzean tokatzen dena egitea, dena pikutara bidaltzeko gogoa, aldaketa borrokatu edo inertziei eustea...

Halakoez eta bestelakoez izandako solasaldia amaituta, ospatzeko garaia heldu da; eta nahi izan duenak, liburua erosteko aukera ere izan du. 

 

Erlazionatuak

Aintzane Usandizaga liburuaren abiapuntuaz

Txintxarri Aldizkaria 2023 api 28 Kultura