Dantzaren Lasarte-Oriako Osteguna

Txintxarri Aldizkaria 2023ko api. 27a, 22:22

Egutegiko egun bakoitzean zer ospatu erabakitzen dutenentzat: apirilaren 29a Dantzaren Nazioarteko Eguna bada, 27a (gaur, alegia) izendatua izan dadila Dantzaren Lasarte-Oriako Ostegun gisa. Diziplina artistiko eta eder horri ohore egin diote herriko zenbait eragilek Okendo plazan: Erketz EDT, Sahara Taldea, Semblante Andaluz, Amaia Gonzalez Caballeroren akademia eta Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak, gaurko emanaldi ikusgarriaren antolatzaileak. Talde guztiek gorputzak astitzen amaitu eta gero, Yang Liping koreografo txinatarraren manifestua irakurri dute: Dantza: munduaren komunikatzeko bide bat.

Egun guztiak izango dira zoragarriak dantza egiteko, baina koreografiak aire zabalean erakutsi behar dituzunean laguntzen dute zeru urdinak eta eguzki distiratsuak, nahiz eta dir-dir gehien egin dutenak Okendo plazan hara eta hona aritu direnak izan diren. Liping txinatarrak dioen gisan, "dantza beti izan da gizakiak naturarekin eta gainerako izaki bizidunekin komunikatzeko giltza". Gorputz hizkuntzaren barruko hamaika zeinu erabili dituzte dantzariek parean zituzten ikus-entzuleekin harremantzeko; haiek, esker onez, txalo eta oihuekin erantzun dute. Sakelako telefonoekin lagun, seme-alaba, aita-ama edo bestelakoren baten emanaldiak grabatu ez dituztenek behintzat bai. 

Komunikatzeko giltza, eta munduan barrena bidaiatzekoa ere bai: hasi Kukukakoen nahiz Erketzekoen euskal dantzetatik, jarraitu andaluziar kutsuko sevillana eta flamenkoekin, eta amaitu Mendebaldeko Saharako doinu gatibatzaileekin. Hori guztia bildu dute Amaia Gonzalez Caballeroren akademiako ikasleek, abesti garaikideagoekin erritmoz betetako koreografiak plazaratuta. 

Ongi egindako lanaren satisfazioa irribarretan eta izerdi tantak bekokietan (eguraldia bikaina izanagatik, beroa ere egin duelako gaur), talde argazki erraldoia atera dute partaide denek. Egutegiko egun bakoitzean zer ospatu erabakitzen dutenei bidali beharreko eskaera mezuari atxikiko diogu familia kutsuko irudi hori. Gogoratu: 2023ko apirilak 27, Dantzaren Lasarte-Oriako Osteguna.