Sanpedroak iragarriko dituen afixa gustukoena bozka dezakete herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko apirilaren 26a

Udalak bihar, hilak 27, irekiko du San Pedro Jaietarako kartela aukeratzeko bozketa epea. Maiatzaren 10era arte izango dute herritarrek iritziak emateko aukera. 

67 lan jaso ditu Lasarte-Oriako Udalak aurtengo afixa lehiaketan, baina Berdintasun Sailak hala erabakita, horietatik lau bazter utzi dituzte. Hala jakinarazi dute Agustin Valdivia alkateak, eta Jaietako batzordeburu Txus Alonsok, prentsaurrean. Lasarteoriatarrek aukera izango dute, datozen egunotan, 63 horien artean gustukoena hautatzeko. Kartelak udalaren webgunean jarriko dituzte ikusgai bihar, eta maiatzaren 10era arte izango dute bozkak emateko aukera, honako helbidean: partehartzea@lasarte-oria.eus

Lasarteoriatarren iritziekin batera, "epaimahai tekniko" batena ere kontuan hartuko du udalak afixa irabazlea izendatzeko. Epaimahai hori "gaian adituak diren zenbait pertsonek" osatuko dutela argitu dute.