ESKUALDEA

Sara Etxeberriak irabazi du Gidabaimena Euskaraz egitasmoaren saria

Txintxarri Aldizkaria 2023ko api. 26a, 14:10

Iragan urtean gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz atera zutenen Lasarte-Oriako zozketaren garailea Sara Etxeberria gaztea izan da, eta horretan gastatutako 384,45 euroak itzuliko dizkiote. Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordoki eta Mugica autoeskolako zuzendari Ana Mugicaren eskutik jaso du saria.

Buruntzaldeko sei udalak 2009tik ari dira Gidabaimenak Euskaraz egitasmoa sustatzen, eskualdeko autoeskolekin batera. Egitasmo horren bidez, gidabaimena ateratzeko asmoa duten pertsonei, gazteei bereziki, atal hori euskaraz egiteko aukera dutela jakinarazten diete. Pizgarri moduan, gehienez ere 400 euroko sariak zozkatzen dituzte udalerri bakoitzean dauden autoeskola kopurua kontuan izanda.

Aurtengo kanpainari maiatzean emango diote "bultzada berezi bat": aurten 18 urte beteko dituzten herritarrei gutun bana bidaliko die udalak, gidabaimena euskaraz ateratzeak dituen abantaile berri eman eta gazteak hori egitera animatzeko.