Aterpearen Udaberriko Festa dakar maiatzak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko api. 25a, 18:09

Maiatzaren 2tik 14ra arteko iraupena izango du herriko merkatarien kanpainak, eta, urtero bezala, gazte zein helduentzako ekimenak iragarri dituzte. Merkatarien elkartearentzako "garrantzia handiko" kanpaina da, "kontzientziazioa, ezagutza eta parte hartzea" sustatzen dituelako. 

Ormazabal Loradendako Ramon Ormazabalek eman du aditzera aurtengo Udaberriko Festa, eta esan, maiatzaren 2an hasi eta 14an amaituko dela. Izan ere, epealdi horretan, herriko komertzio parte hartzaileetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean 2.000 euro zozkatu baitituzte (erosketa txarteletan). 

Aurtengo egitasmoak, ohi bezala, herriko haurren parte hartzea ere sustatu nahi du, eta, horretarako, gaztetxoek herriko komertzioak bisitatzeko ibilbide bat egin ahal izango dute; Ormazabalek zehaztu du 6 eta 12 urte arteko herriko ikastetxeetako ikasleak izango direla aipatu jarduera horretan arituko direnak. Nabarmendu du, jarduera horren bitartez komertzioak herriarentzat duen garrantzia jarri nahi du balioan elkarteak. Horrez gain, marrazki erakusketa batean ere parte hartuko dute. Zure herria berdeago eta garbiago da aurtengo jarduera horrentzat aukeratu duten leloa, eta maiatzaren 8tik 12ra izango da. Artelan horiek kanpainan parte hartuko duten 43 establezimenduetako erakusleihoetan eskegiko dituzte merkatarien elkarteko kideek, eta egileek berea bilatu beharko dute. Hala egiten duenak saritxo bat jasoko du trukean.  

Ikastetxeetako ikasleentzako ez ezik, herriko gainerako haurrek ere parte hartu ahal izango dute bestelako jardueretan. Maiatzaren 12an, Plan B kafetegian etxeko gailetak egiteko ikastaroa izango dute. Ordu eta erdiko iraupena izango du, 17:00etatik 18:30era. Ormazabal Loradendan, berriz, landareak landatzen ikasiko dute. Hori ere 17:00etan hasiko da, eta 19:00etan amaitu. Eli Lasa farmaziak, berriz, Osasuna eta sendagaiak tailerra eskainiko die bertaratzen diren gaztetxoei. Zertxobait luzexeagoa izango da azken hori; 17:00etatik 19:30era.

Eta helduentzako eskaintza ere izango da egun berean, maiatzaren 12an. 10:30etatik 19:30era, Bote Tatto Flash Day-a egingo dute. Artista gonbidatuak izango dira, eta establezimendua ezagutzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. 

Eli Lasa farmaziak, haurrentzako iragarritako tailer bera emango du helduentzako ere: Osasuna eta sendagaiak. Goizez eta arratsaldez izango dute interesdunek bertaratzeko aukera: 09:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era. 

Buenetxea tabernak, berriz, musika emanaldia iragarri du egun horretarako. 19:30ean hasiko da, eta 21:00ak arte iraungo duela jakinarazi dute antolatzaileek. 

Eskaintza bereziak , zenbait komertziotan

Maiatzaren 12 eta 13an ekimenarekin bat egin duten hainbat komertziok eskaintza bereziak egingo dituzte. Hauek dira establezimendu horiek: Alba Moda, Merceria Olmi, Urruzola mertzeria, Mabel Moda eta Imagine jantzi denda. Horrez gain, Artesania Ines Flores-ek postutxoa jarriko du. 

Maiatzaren 13rako ere aurkeztu dute egitarautxo bat. Goiz eta arratsaldez (11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara) Txu-txu trena ibiliko da herriko kaleetan barrena. Ala, Arkupe tabernak Udaberri Street Food festa deitu du; 13:00etan hasiko da, 16:00ak arte eta DJ bat arduratuko da zuzeneko musika jarri eta hitzordua girotzeaz.