Gipuzkoako txapelketa eskuratzeko lehen pausoa eman du Ostadarreko jubenilak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko api. 25a, 15:55

Ostadar Boleibol saileko jubenil taldeak Gipuzkoako txapelketa du jokoan fase berrian. Lehen aurkaria Arizmendi izan du eta herritarrak 3-0 (25-7, 25-17 eta 26-14) gailendu ziren Maialen Chourraut kiroldegian jokatutako norgehiagokan

Talde urdin-beltza nagusi izan zen neurketa hasieratik eta aretxabaletarrek ezin izan zuten  ezer egin.

Asier Acuriolak zuzentzen duen taldeak sendo jokatu zuen. Entrenatzailearen hitzetan, "huts egiteko uneak murriztean lortu dugu garaipena. Sakeak ziurrak izan dira eta eraso landuak, horri esker irabazi dugu partida".

Ostadarreko jubenilek A multzoko sailkapen buru amaitu zuten denboraldiko lehen zatia; Ligako hamabost jardunaldietatik hamalauetan gailendu zen talde urdin beltza. Arizmendi, aldiz, B multzoko bigarren amaitu zuen lehiaketa.

Gipuzkoako txapelketari begira, beraz, pauso garrantzitsua eman du Ostadarreko jubenilak. Arizmendiz gain, Bera Bera, Hernani 2, Aldapeta Maria B eta Harresi 2 taldeen aurka neurtu behar dituzte indarrak lasarteoriatarrek. Helburua txapela izango da.

Euskadiko txapelketa 

Azken fasea hasi baino lehen, lehengoz Euskadiko txapelketa lehiatu zuen talde urdin beltzeko jubenilak eta laugarren sailkatu ziren. Hilaren 15ean izan zen hitzordua Lekeition eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hamabi talde bildu ziren bertan.

Multzoen fasean Getxo eta Gallartaren ahotsa taldeak irabazi ostean, jubenilak finalerdietara sailkatu ziren. Hernaniren aurka ederki borrokatu arren, Ostadarrek ezin izan zuen finala jokatu.

Hirugarren postuaren lehian ere, Vialki Jatorkideren aurka 2-0  galdu zuen eta talde urdin beltzak laugarren amaitu zuen lehia.

Taldeko entrenatzaile Acuriola pozarren dago taldeak egindako lanarekin. "Boleibol tradizio eta harrobi handia duten taldeen aurka lehiatu gara eta meritu handiko laugarren postua lortu dugu," adierazi du.