Euskara sustatzeko zimenduak eraikitzen ari dira Buruntzaldeko udalerrietako Lanbide Heziketako eskoletan, besteak beste, Lasarte-Oriako EAGIn (Donostia etorbidea, 5). Urteko garai honetan makina bat gazte erabakiak hartzen ari dira beren etorkizunari buruz, adibidez, zer ikasi. Lanbide zikloak egiteko asmoa dutenei D ereduaren aldeko hautua egitera animatu dituzte aipatu herriek. Horretarako, posta arruntaren nahiz ikastetxeen bidez informazioa bidaltzen ari dira eskualdeko hezkuntza zentroetara.
Lanbide Heziketa D ereduan eginez gero, ikasleek ordura arte ikasitako euskara sendotu eta hobetuko dute. Era berean, horrek ate asko zabalduko dizkie lan munduan zein gizartean, gero eta enpresa eta esparru gehiagotan presentzia duelako hizkuntza horrek. "Euskara ongi jakitea erabakigarria izan daiteke gazte horien etorkizunean, hortaz, funtsezkoa da ikasketa horiek D ereduan egitea", adierazi du Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordokik.
Ate irekiak maiatzean
EAGIn ikasteko interesa dutenek ate irekien saioak izango dituzte maiatzaren 4an eta 8an, 17:00etan. Ezingo balute egun eta ordu horietan joan, beste hitzordu bat hartzeko aukera dutela zehaztu dute arduradunek.
Harremanetarako: 943-56 92 22 edo eagi@eagi.eus.