Larunbateko bertso saiorako bi sarrera zozkatuko ditugu

Txintxarri Aldizkaria 2023ko apirilaren 25a

Tradizioari traizio izenburupean, Udaberriko Bertso Saioa egingo du Ttakun Kultur Elkarteak larunbat honetan, udalarekin elkarlanean, 20:00etan, kultur etxean. Hitzordu horretarako bi sarrera zozkatuko ditugu asteon, beraz, interesa baduzue, izena eman lehenbailehen! Epea bihar itxiko dugu, 12:00etan.

Beatriz Egizabalek jarritako gaiei buruz abestuko dute Ane Labaka, Onintza Enbeita eta Andoni Egaña bertsolariek. Horiez gain parte hartuko dute Earra bertso eskolako ikasleek, Uxue Odriozolak, Araitz Ramosek, Javi Herrosek eta Ibai Moralesek, besteak beste. Sarrerek 6 euro balio dute eta aurrez aurre (kultur etxeko leihatilan) nahiz sarean eros ditzakete herritarrek.