Hilaren 23an, Lau eta erdiko 2. jubenil mailako buruz buruko borrokatuaz gozatu ahal izan zen Michelin kirol guneko pilotalekuan. Intzako Peru Urdanpilletak eta Oiarpeko Lasak lehiaketako lehen jardunaldiari egin zioten aurre eta 22-21 gailendu zen herritarra.
Nahiz eta Intzako kide Urdanpilleta lehen tantoetan nagusi izan eta zazpiko aldea ireki, neurketa aurrera joan ahala Oiarpeko Lasa partidan zentratu eta markagailuari itzulia ematera iritsi zen, 20-21.
Urdanpilleta ez zen kikildu, ordea eta indartsu erantzun zuen azken bi tantoetan. Dejada batez 21na berdindu eta azken sakearekin erabaki zuen neurketa.
Andoainen, aldiz, emaitza bestelakoa izan zen. Beñat Olazabalek Gaztelekuko Salbador izan zuen aurkari txapelketa bereko lehian. Olazabalek ezin izan zuen andoaindarraren sakearen aurka ezer egin eta Salbadorrek 22-5 irabazi zuen.
Eta Hernanin ere izan zuten hitzordurik pilota elkarteko kideek. Alebin 1. mailako Makel Lopez eta Ekhi Maiz bikoteak Hernani 2ren aurka eman zion hasiera Udaberri txapelketari. Hernaniarrak hasieratik nagusi izan ziren eta 16-3 gailendu ziren.
GRABNI
Bestalde, Gipuzkoa, Errioxa, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldea GRABNI txapelketa ari dira lehiatzen eta Trinkete modalitateko gazteen binakako lehiak jokatu ditu Intzako Peru Urdanpilletak Gaztelekuko Cestaurekin batera. Lehen fasean bi partida irabazi (Araba eta Nafarroa) eta bat galduta (Bizkaia) finalerdirako sailkatu dira. Nafarroaren aurka neurtuko dituzte berriro indarrak, hilaren 29an.