Hilabeteroko laugarren igandea izanik, ohi bezala, Plaza Dantzako lagunek muxiko saioa egin dute goizean Okendo plazan. Nahiz eta ekin diotenean tanta batzuk erori, ohiko lekuan aurrera eraman dute ekimena, eta uneren batean euri gehixeago egiten badu ere, berdin-berdin jarraitu dute borobilean dantzan. Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak elkarlanean aurrera daramate egitasmoa. Dantzaren inguruan gehiago edo gutxiago dakiten lagunak batzen dira ikasturtean zehar elkarrekin euskal dantzetan trebatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Entseguak, astero, astearteetan egiten dituzte Sasoeta LHko gimnasioetan, 20:00etatik aurrera.