Erraustegira martxa egingo dute hilaren 29an, Lasarte-Oriatik abiatuta

Txintxarri Aldizkaria 2023ko apirilaren 21a

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ekintza bat antolatu du, agintariei Zubietako erraustegia gelditzea exijitzeko. Oinezko martxa Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik zehazki, 11:00etan.

Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek babestu dute erraustegiaren aurkako hainbat eragilek, Lasarte-Oriako Aire Garbia plataforma besteak beste, antolatutako ekimena. Esan bezala, Okendo plazatik abiatu eta Zubietako erraustegira joatera gonbidatu dituzte herritarrak antolatzaileek, Erraustegia airea, ura eta lurra kutsatzen lemapean. "Erraustegiaren arduradun eta propagandistek errealitatea ukatzen jarraitu duten arren, azken hilabeteotan argitara ateratzen joan dira ezkutatutako egia deseroso batzuk", adierazi dute. "Erraustegia oso modu nabarmenean kutsatzen ari da". 

Horren adibidetzat jarri dute Arkaitzerrekan gertatutakoa. "Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, plantaren jabeak, kutsadura behin eta berriz ukatu arren, azkenean Ekondakin enpresari, azpiegituraren kudeatzaileari, espedientea ireki dio, erreka hori kutsatzeagatik". Bidenabar, ToxicoWatch fundazioak egindako azterketa nabarmendu dute: "Erraustegiak aire, lurzoru, ur eta landareak diodxinaz eta bestelako gai toxikoz kutsatzen ditu". Horrez gain, unibertsitateko irakaslez osatutako Ekopol elkartearen txosten teknikoa jarri dute mahai gainean: "Erraustegiak 2.000 aldiz gainditu zuen gehienezko kutsadura muga 2020an". 

Horren guztiaren aurka protesta egin eta erraustegia gelditzea eskatzeko egingo dute martxa hilaren 29an. "GHK-k eta Aldundiak, ukazioaz eta propagandaz, beti diru publikoa lagun, erraustegiaren errealitate kutsatzailea ezkutatzeko pareta bat eraiki dute". Horren aurrean eta "hormaren arrakalak gero eta ugariagoak" direlako, ekintzan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.