Norgehiagoka hasi eta 6 minutura markagailua ireki zuen etxeko taldeak entsegu eta gauzatzea egin ostean.
Aurkaria erasoa jotzen saiatu arren, zarauztarrek ez zioten Fenixi metrorik irabazteko aukerarik eman. Eurak ordea, erraz iritsi ziren 50 metroko marrara eta horren erakusle atsedenaldiko emaitza izan zen, 42-0.
Lehen zatiaren amaieran, gainera, Jon Ander Puertas herritarrak zer esana eman zuen. Meletik baloia hartu eta bakarrik ihesi atera zen aurkariaren azken marraraino eta entsegua lortu zuen. Puertas hamabostekoan atera zen eta neurketa ederra egin zuen 57. minutuan aldatu zutenera arte.
Bigarren zatian, Fenixek izan zuen baloiaren jabetza. Alabaina, beltzen defentsa lanari esker, aurkariek ez zuten punturik lortzerik izan; bitan bakarrik gerturatu ziren entsegu marrara.
Neurketa amaitzear zela, baloia bitan berreskuratu eta bi entsegu egin zituzten zarauztarrek.
Azken fasea
Denboraldi ederra egin du Zarauzko taldeak. Hamazazpi neurketa jokatu ditu. Horietatik hamahiru irabazi, bi berdindu eta bi galdu ditu. Lehen fasean zein Elite multzoan bigarren postuan sailkatu da. Ondorioz, Ligako azken fasea jokatuko dute beltzek.
Finalerdian hirugarren sailkatu Mazabi Santander Independiente izango du aurkari. Hileko azken asteburuan eta maiatzeko lehenengoan jokatuko dituzte neurketak. Lehena Santanderren izango da; bigarrena, aldiz, Astin.
Kantabriako taldea gaindituz gero, Alcobendas Rugby eta CR Sant Cugat taldeen arteko partidako irabazlearen aurka neurtuko ditu indarrak finalean Gesalaga Okelan Zarautz taldeak.
Ligako garailea Ohorezko mailara igoko da zuzenean; txapeldunordeak, berriz, Ohorezko Mailako hamaikagarren sailkatuaren aurka jokatuko du igoera.
Harrobia ere fin
Ez da Ohorezko B mailako taldea denboraldia amaitu duen bakarra izan, Euskal Ligako 16 urtez azpiko jokalariek ere azken neurketa jokatu zuten Logroñon, Errioxan. Domiberia R.C. Rioja 12ren aurka lehiatu zen Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldea eta gaztetxoek 7-24 irabazi zuten.