Maialen Chourrautek garaipena erdietsi du Espainiako 2. kopa bizian

Txintxarri Aldizkaria 2023ko apirilaren 19a

Maialen Chourraut, La Seu d'Urgelleko kanalean, kayak kros lehian. Arg.: RFEP.

Maialen Chourraut herritarrak denboraldiko bigarren probari egin zion aurre hilaren 15ean eta 16an. Urtea Kayak kroseko lehiaketarekin hasi bazuen ere, oraingoan eslalomeko Espainiako 2. Kopa jokatu zuen La Seu D'Urgellen (Lleida, Herrialde Katalanak) eta garaile izan zen

Maila ezberdinetako palistek bi jardunaldi lehiatu zituzten eslalomeko Espainiako 2. Kopan, bata larunbatean eta bestea igandean.

K1 mailan, Monica Doria, Laia Sorribes eta Maialen Chourraut piraguisten arteko lehia bizia izan zen.

Lehen egunean, erlojuaren eta ateak mugitzen haizearen aurka ere egin behar izan zuten kirolariek. Finalerdian Chourrautek hirugarren denborarik onena egin zuen (98.35) Sorribes eta Doriaren atzetik ibilbidean akats bat eginez. 

Finalean, berriz, arazorik gabe jaitsi zuen kanala. Ehuneko gutxigatik hirugarren sailkatu zen helmugan. Alabaina, aurkariek ibilbidean zehar egindako hutsek garaipena eman zioten Chourrauti.

Bigarren egunean ere finalerdian hirugarren sailkatu zen Chourraut; finalean, ordea, denborarik onena markatu zuen herritarrak eta Sorribesek eta Doriak zein izan zuten gainditu.

Nazioarteko lehiaketetan parte hartuko duten Espainiako selekzioko kideak aukeratzeko  lehen aukeraketa proba ere izan zen eta Chourrautek argi utzi du taldean egon nahi duela. Pausoz pauso Londresko Mundu txapelketarako prestatzen ari da herritarra; bertan Paris 2024 Olinpiar Jokoetako plazak banatuko dira.