Gaur eguerdian aurkeztu dute 'La gran Zarzuela' emanaldia Lasarte-Oriako Udalak eta Sinfonia Navarrako sortzaile eta kide Kinito Huertak eta Alvaro Iborrak, kultur etxean.
Iragarri dute Joaquin Gaztambide XIX. mendeko konpositore entzutetsuaren musikaz (Zarzuelaz zehazki) gozatu ahal izango dutela bertaratzen diren ikus-entzuleek. Musika hori Sinfonia Navarra eta Coral Olitense osatzen duten musikari eta abeslarien bitartez jasoko dute bertaratzen direnek. Aurreratu dute, gainera, Raquel Fernandez (sopranoa) eta Jose Luis Sola (tenorea) bakarlariak ere arituko direla oholtza gainean. Horiekin guztiekin batera arituko da baita ere Rinaldo Zhok pianista italiarra. Eta oholtza gaineko musikari eta abeslari guztiak gidatzearen ardura, Javier Echarri Lopezena izango da. Huerta eta Iborra sinfoniako kideek azaldu dute emanaldi "bakar, dinamiko eta polita" izango dela.
Agustin Valdivia alkateak hitzorduaren garrantzia azpimarratu du. Nabarmendu du "galdu ezinezko hitzordua" dela, eta dei egin die herritarrei ekimenaz gozatzera joan daitezen.