Gazte feministek arrazoi ugarri zerrendatu dituzte aurten ere Baterajotzea aurrera eramateko: bizitza eta kapitalaren arteko talka bortizki areagotu izana; murrizketak; bizitzaren garestitzea; eraso sexista, arrazista, klasista eta transmaribollofoboak; eta bizitza duin bat izateko "oinarrizkoenak" diren baliabideen falta. Horregatik guztiagatik, oraina "sistemaren oldarraldi distopiko" gisa ezaugarritu dute. Halaber, ohartarazi dute zaintza lanen pribatizazioa eta merkantilizazioan sakondu duela sistemak erasoaldi hori: "Zaintza lanen esparrua esplotazio eremu sexualizatu eta arrazializatua da; inposatzen dizkiguten lan horiei planto egingo diegu".
Horren aurrean, mugimendu feministak greba orokor bat deitu duela gogorarazi dute, "zaintza sistema iraultzeko proposamen erradikala" izango dena. Zaintza "eskubide" izatea eta lan horien gaineko "erabaki gaitasun kolektiboa" izatea exijituko dute. Aurreratu dute auzo eta herrietan hasi direla lanuzte hori antolatzen, baina argi adierazi dute gazteek antolaketa propio bat behar dutela, haien behar eta proposamenek ere tokia izan dezaten. Horregatik aurrera eramango dute Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea, urriaren 13tik 15era, Usurbilen, Utopiak lehertzeraino lemapean. "Asko dira lanean ari diren neska* gazteak, zaintza politizatzen ari direnak, haien gorputzak zapaltzen dituzten egoerei izena jartzen ari direnak, hirigintza haien neurrira diseinatuta ez dagoela salatzen dabiltzanak, hezkuntza sistema patriarkala dela salatzen dutenak... Finean, beste mundu bat posible dela sinesten dutenak eta hori eraikitzeko borrokan ari direnak".
Grebaren "potentzialtasunaz"
"Mugimendu feministak azken urteetan mobilizazio gaitasun ikaragarria erakutsi duenez, antolatzen ari garen grebaren potentzialtasunaz eta eztanda gaitasunaz baliatuko gara errotiko aldaketak eragin eta exijitzeko", azpimarratu dute. Horretarako egingo dute Baterajotzea, ekintza horren aurretik espazio propio bat eraiki eta bertan hausnartzeko. "Iraultza feministaren bidetik eta indarberrituta, sistema kapitalista zisheteropatriarkala iraultzeko proposamenak irudikatu eta artikulatuko ditugu, hausturak kolektiboki antolatuko, eta utopiak lehertuko".