Texas Lasartearra taldeko benjaminek laugarren postua eskuratu dute CD Behobiaren txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko api. 18a, 15:45

Texas Lasartearra taldeko benjaminak txapelekta hasi baino lehen. Arg.: Texas Lasartearra.

Texas Lasartearra futbol taldeko 2014 urteko benjaminek Behobia CDk antolatzen duen Aste Santuko txapelketan parte hartu dute, Irunen. Laugarren postua eskuratu dute Mikel Trejo, Pedro Trejo, Markel de los Mozos eta Demian Viznyy laukoak zuzendutako taldeak

Talde zuri-urdineko txikiek egun bateko lehia gogorrari egin zioten aurre.

Multzoko fasean Behobia, Real Union, Kotskas eta Baztan taldeak izan zituzten aurrez aurre Texaseko benjaminek. Bi berdinketa eta garaipen eta porrot banarekin hirugarren talderik onena bezala sailkatu zen final laurdenetara.

Lasarte-Oriako taldeak Astigarragako Mundarro gainditu zuen penaltietan; David Cosme atezainaren lanak – hiru penalti geratu zituen – finalerditako txartela eman zion talde zuri-urdinari.

Finalerako bidean, Kostkasen aurka egin behar izan zuen berriro Texasek. Multzoen fasean bana berdindu bazuten ere, oraingoan Donostiako taldeak lortu zuen garaipena 2-1eko emaitzarekin. 

Egun osoa jokatzen egon ostean, nekeak eragin izan zuen benjaminengan eta hirugarren postuko neurketan Martutenek 4-0 irabazi zion Texasi.

Lanarekin pozik

Brontzezko garaikurra lortu ez arren, taldeko arduradunak pozarren daude jokalariek lehiaketan erakutsitako gogo eta borrokarako grinarekin. "Jokalariek txapelketaz gozatu dute. Ederki borrokatu dituzte neurketak intentsitate handiz jokatuz. Azken partidan izan ezik, zaila izan da taldea garaitzea. Hirugarren postuko lehian, aldiz, nekea nbaria zen jokalarietan eta Martutenek gainditu gaitu," azaldu dute Texas Lasartearra taldeko arduradunek.

Horrez gain, David Cosme atezainaren lana ere nabarmendu nahi izan dute: "Bera izan da txapelketako onena eta horregatik, gure sare sozialetan ikusgai dagoen detailetxo bat egin diogu".

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Texas Lasartearra C.F. (@texaslasartearra)