Brunet Enea parkea hartuko du, larunbatean, Dantz Point jaialdiak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko apirilaren 18a

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Oria auzoko Brunet Enea parkean musika elektronikoa entzungo da larunbat honetan, hilak 22. Jokin Telleria lasarteoriatarrak sortutako Dantz Point egitasmoak herriko ondare historiko edo artistikoak eta musika elektronikoa uztartzea du xede. Bigarren aldia izango da aurtengoa, eta 19:00etatik 00:00etara iraungo duela iragarri dute. DJ Giovanni herritarrak girotuko du arratsalde-iluntzea, eta berarekin batera arituko da, baita ere Almuedo. 

Agustin Valdivia alkateak, Txus Alonso jaietako zinegotziak eta Jokin Telleria Dantz Pointeko sortzaile eta zuzendariak aurkeztu dute jaialdiaren bigarren aldia, Brunet Enea parkean. 

Udal ordezkariek hitza hartu eta egitasmoa zertan dantzan azaldu dute lehenik. Azaldu dute Dantz Point musika plataforma bat dela, eta, horren alderdi esanguratsuena dela saioak espazio enblematiko edo historikoetan egitea. Musika elektronikoaren eta edozein udalerritako ondare historiko edo artistikoaren dibulgazioa uztartzean da akimenaren helburua, eta, kasu honetan, 1845. urtean sortutako Hilados Brunet Fabrika da jarduera egiteko aukeratu duten ondarea.

Fabrikaren eta bere ingurua

Arestian aipatutako lantegiarekin batera, bertako langileentzako etxebizitza eremu bat, Karmengo kapera eta jauretxe bat ere sortu ziren lantegiko jabeentzat. Fabrikak kotoizko haria ehuntzen zuen, eta presa bati eta Oria ibaiko ur jauziari esker, funtzionatzeko behar zuen energia lortzen zuen.

1992an eraikina eraitsi eta haren ordez parke bat eraiki zuten: Brunet parkea. 

Musika elektronikoa festa eta gaua baino gehiago

Jokin Telleria egitasmoaren sortzaile eta zuzendariak adierazi du zenbaitetan jendeak musika elektronikoa gaua eta festa besterik ez dela, eta uste oker hori baztertzeko, publiko berrietara hurbildu nahi dela musika estilo hori: "Musika elektronikoaren barruan estilo ezberdin asko daude, besteak beste, musika oso lasaiak eta musika esperimental dantzagarriagoak, eragin ezberdinekin”. 

DJ Giovanni eta Almuedo

Aurtengo egitasmoan musika jartzeaz arduratuko den DJetako bat lasarteoriatarra da: Giovanni. Afrohouse, underground eta minimal musikaren eragina du, eta Donostiako eta Gipuzkoako eszena elektronikoan oso aktibo dagoen DJa dela nabarmendu dute antolatzaileek. 

Berarekin batera arituko da Almuedo. Donostiarra da, house-electro estiloa jorratzen du, eta oso ondo egokitzen da publiko mota eta lekura. Bi DJ-en artean musika estiloen kalitatea eta aniztasuna lortzen dutela azpimarratu du Telleriak. 

Jaialdia 19:00etan hasiko da eta gauerdian amaitu. Eguraldi txarra eginez gero, datorren larunbatera, hilak 29, atzeratuko dutela iragarri dute antolatzaileek. Jakinarazi dute baita ere barran kontsumitu ahal izango dela, komun publikoak egongo direla, eta Casa Humada jatetxeak janaria eskainiko duela. 

Bertaratzen direnek "esperientzia ezberdin bat" bizitzeko aukera izango dutela gaineratu du Telleriak.