Ars Combinatoria taldeak kontzertua emango du Brigitarren komentuan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko apirilaren 14a

Ars Combinatoriaren emanaldi bat komentuan, 2015ean.

Danok Kide elkarteak XVIII. Musika Topaketak aurrera eramango ditu hilaren 21ean, ostiralarekin. Ars Combinatoria taldea gonbidatu du: Brigitarren komentuan egingo du kontzertua, 19:30ean. Erdi Arotik hasi eta XXI. mendera arteko bidaia musikala egingo dute, errepertorio zabal baten bidez.

1991n eratu zuten Ars Combinatoria. Erdi Aroko doinuekin eta batez ere XVI. mendekoekin hasi ziren, baina urteak aurrera joan ahala zabaldu egin zuten errepertorioa, abesti garaikideak jotzeraino. Danok Kide elkarteko ordezkari Jesus Mari Egizabalek nabarmendu duenez, diziplina musikal oro "sakonki" ezagutzen dute talde horretako musikariek: "Esperientzia izugarria dute, eta langile finak dira". Jakinarazi duenez, musikari profesionalek osatzen dute Ars Combinatoria, Espainiar Estatuan nahiz atzerrian aritutako "espezialistak", baina interprete gazte batzuk ere bai. "Programazio zabala eta aberatsa osatu dute, eta eszenatokian modu originalean aurkezten dute".