Ostadarreko kadeteak zilarrezko mailako txapeldun izan dira Terres de L'Ebre nazioarteko torneoan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko apirilaren 14a

Ostadar SKTko kadeteak, podiumean. Arg.: Ostadar SKT.

Ostadar SKT-ko kadete taldea Terres de L'Ebre nazioarteko torneoan (ITE-DV7) lehiatu da hilaren 7tik 9ra, La Rapita herrian (Tarragona, Herrialde Katalana). Zilarrezko mailako finalera iritsi eta garaikurra ekarri dute Lasarte-Oriara. Fair play edo joko garbiaren saria ere jaso du talde urdin-beltzak

Ostadar SKTko kadetea Tarragona aldera egin du bidaia Aste Santuan. Terres de L'Ebre nazioarteko torneoan (ITE-DV7) parte hartu du talde urdin-beltzak.

Multzoen fasean ez zuen Ostadarrek zorterik izan. Partida bakarra irabazi zuen 3-0 emaitzarekin eta beste bi neurketa gol batengatik galdu zituen. Ondorioz Zilarrezko mailako lehiareko sailkatu zen.

Final laurdenetan norgehiagoka gogorrari aurre egin eta 0-1 irabazi zuen. Finalaurrekoa ere zirraragarria izan zen husna berdindu eta penaltietan jokatu zen finalerako txartela. Hiru penalti bota zituen talde bakoitzak eta 3-2 irabazi zuen Lasarte-Oriako taldeak.

Finalean CF Unio Can Rull talde katalanaren aurka neurtu zituen indarrak Ostadarrek. Finalerdiaren ostean, taldeak ez zuen astirik izan deskantsatzeko. Hala ere, partida ederra egin zuten talde urdin-beltzeko jokalariek eta ederki eutsi zioten aurkariari. Husnako berdinketarekin amaitu zen lehia eta berriro penaltietan erabaki zen garailea. CF Unio Can Rull taldeak hasi zuen jaurtiketen txanda eta lehenean huts egin zuen; Ostadarreko kideek, ordea, bigarren jaurtiketan egin zuten kale. Gainerako jokalariek ez zuten aukerarik galdu gola egiteko eta bosnako berdinketa zegoela, jokalari katalanak ezin izan zuen baloia atean sartu. Hortaz, Ostadarrek penaltia sartu eta 5-6 irabazi zuen.

Zilarrezko mailako garaikurraz gain, Fair play edo joko garbiaren saria ere eman zioten talde urdin-beltzari.