Esku hartze "oso garrantzitsuak" egiteko, kreditu aldaketa bat onartu du udal korporazioak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko apirilaren 14a

Ogasun saiburu Iñigo Zabaleta eta Agustin Valdivia alkatea.

Lasarte-Oriako Udalak 6.568.332 euro bideratuko ditu herritarrentzat "funtsezkoak" diren inbertsioak egiteko. Aurrekontuaren erdia baino gehiago Zabaletan eta Goikalen igogailu bana jartzeko erabiliko dute, 3.875.248 euro. Ikastetxeetan lanak, kiroldegi berriaren obren lizitazioa eta herrigintza sustatzeko hitzarmenetarako zenbait partida handitzea ere jaso dituzte, besteak beste.

Udal korporazioak ezohiko udalbatzarra egin zuen asteartean, kreditu aldaketa proposamen bat onartzeko. Ogasun sailburu Iñigo Zabaletak eta Agustin Valdivia alkateak agerraldia egin dute, txosten horretan jasotako inbertsio eta esku hartzeak zeintzuk diren azaltzeko. 6.568.332 euro bideratuko dituzte.

Diru partida berriak
  • Zabaleta eta Goikaleko igogailuak. Lehenengoa auzoraino igoko da Oriarte Larrekoetxe institutu atzealdetik, eta bigarrenak Kale Nagusia eta Goikaleko goiko gunea lotuko ditu. 3.875.248 euro bideratuko dituzte bi instalazio horiek egitera.
  • Landaberri ikastolako fatxada. Hezkuntza zentro horretako kanpoaldea berrituko dute. Aurrekontua 424.483 eurokoa izango da.
  • Green plazako saneamendu sarea. Alkateak azaldu duenez euri ura iragazteko arazoak dituzte Atsobakar auzoko eremu horretan. 235.070 euro bideratuko dituzte konpontzera.
  • Jaizkibel plazako etxabeak. 230.000 euro bideratuko dituzte obra hori likidatzera.
  • Kultur etxeko berritze lanak. 200.000 euro bideratuko dituzte aretoan berritze lanak gauzatzeko.
  • Patio inklusibo bana Sasoeta eta Garaikoetxea ikastetxeetan. 90.000 euro inbertituko dituzte zentro bakoitzean.
  • Udal brigadarentzat bi ibilgailu. Guztira, 55.000 euro gastatuko dituzte. 
Onartutako zenbait partida handitzea
  • Bideak garbitzeko kontratua. 288.334 euro gehiago bideratuko dituzte horretara. Aurten aterako dute lizitazioa, 1.334.425 euroko aurrekontuarekin.
  • Añarbeko urak. 134.240 euro gehiago uraren saneamendu eta kontsumora bideratzeko.
  • Manttangorri hiribusa. 92.253 euro gehiago bideratuko dituzte, zerbitzua osoagoa izan dadin: Zatarain auzora iritsiko da Manttangorri, larunbatetan ere herria zeharkatuko du eta herriko zenbait festatan gaueko zerbitzua emango du.
Kiroldegi berria

Udal ordezkariek azaldu dutenez, kiroldegi berria eraikitzeko lanak laster lizitatuko dituzte, Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratu eta berehala. Horri begira, 2023tik 2026ra bitartean konpromiso kreditu bana onartu dute, bat urte bakoitzeko. Orotara, 19.439.551 euroko kostua izango dute lanek. "Aurrekontuaren banaketa era jakin batera egin dugu, konpromiso kredituei buruz legeak esaten duena betetzeko", zehaztu du Zabaletak.

  • Aurten 1.495.350 eurokoa izango da kreditua.
  • Datorren urtean, 8.972.101 eurokoa.
  • 2025ean, 5.972.100 eurokoa.
  • 2026an, 3.000.000 eurokoa. 
Udaleko langileria eta elkarteekin hitzarmenak

Udalbatzar horretan onartutako dokumentuan langile batzuk kontratatzeko diru partida bat gorde du udalak: Udaltzaingoan lan egiteko administrazio laguntzaile bat; gazteak dinamizatzeko pertsona bat; administrazio orokorra kudeatzeko teknikari bat; administrazio langile bat idazkaritzan aritzeko; eta gizarte langile bat.

Bestalde, diru kopuru batzuk prestatu dituzte udalak herriko zenbait elkarterekin dituzten hitzarmenei aurre egiteko. "Elkarteek herriaren alde egiten duen lana akordioen bidez laguntzen dugu, eta garrantzitsua iruditu zaigu kolaborazio horiek udalbatzarrean berrestea".