LOKEko judokak Euskadiko txapelketako lehen postuetan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko apirilaren 12a

Bi txapelketetan parte hartu zuten LOKEko judokak. Arg.: LOKE Judo.

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) judokek Euskadiko txapelketako podiumean eman diote hasiera apirilari. Ane Linazasoro eta Iraia Diaz infantilek Eskolarteko Kirol Jokoetan lortu zuen domina; Unai Guisado eta Aitor Santosek, aldiz, kadete mailan

Hilaren 1ean, eskolarteko zein kadete mailako Euskadiko judokak Legazpian bildu ziren. Lasarte-Oriako judo elkarteko ordezkaritza ere izan zen bertan eta lau domina jantzi zituzten Gorka Aristegik zuzendutako judoka gazteek.

Goizean, eskolarteko mailako lehia izan zen. LOKEko Ane Linazasoro eta Iraia Diaz infantil mailan parte hartu zuten; Linazasorok 63 kilo baino gehiagoko txapelketan eta Diezek 57 kilo azpiko kategorian. Ederki jardun ziren biak eta brontzezko domina eskuratu zuten.

Kadeteen txanda izan zen arratsaldean. Unai Guisado, Aitor Santos, Tarieli Tato Kevlishvili eta Iker Izquierdo izan ziren Lasarte-Oriako kirol elkarteko ordezkariak. Ederki borrokatu diren guztiak eta Guisado zein Santos dominetako lehietara iritsi ziren; Tato zazpigarren izan zen eta Izquierdo ez zen fin ibili.

Guisadok 66 kilo azpiko finala lehiatu zuen Liher Pereda bizkaitarraren aurka. Tamalez ezin izan zuen aurkaria gainditu eta zilarrezko postua lortu zuen. Aitor Santosek, aldiz, 81 kilo azpiko kategorian brontzezko domina izan zuen jokoan. Aurkaria gainditu eta saria jaso zuen.