9.000 kontsumitzaile baino gehiagok parte hartu dute Errigoraren udaberriko kanpainan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko api. 12a, 08:00

Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura lemapean eta egitasmoaren balioak nabarmentzeko asmoz aurrera eraman du udaberriko kanpaina Errigora ekimenak. Antolatzaileek jakinarazi dute 120.000 litro olio eta 26.000 sorta inguru saldu dituztela; 9.000 kontsumitzaile baino gehiagok parte hartu dute. Herritarrek datozen asteetan jasoko dute eskatutakoa.

Errigorako partaideek eskerrak eman dizkiete egitasmoarekin bat egin duten bezero guztiei. "Eskerrik asko, eta zorionak, uzta jasotzearekin batera erein egingo baitugu: kontsumitzaileen partetik jasotako babes izugarria ekoizpenaren eremuan pauso berriak emateko akuilu izango delako". 

Antolatzaileek jakinarazi dute boluntarioak hasi direla herri bakoitzera helduko diren kutxa eta bidoiak prestatzen. "Hilaren 20tik aurrera, auzolanean berriro, herriz herri eramango dituzte produktuak kamioiek, tokian tokiko laguntzaileek hartu eta banaketak antola ditzaten".