Hilabeteari hasiera emateko Mallorcara egin zuen bidaia Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire igerilariak. Espainiako Udaberriko Txapelketa Absolutuan Espainiako Igeriketa Egokitutako Federazioaren izenean lehiatu zen gaztea. Denboraldi honetan igeriketa arrunteko Txapelketa Nazionaletan txertatu den atalean parte hartu zuen zubietarrak, Igeriketa Egokituaren atalean.
Lau probatan izan zen igerian Zudaire bi egunetan –50 m. tximeleta, 50 m. bizkar, 50 m. bular eta 50 m. libre– eta ederki jardun zen; bi marka pertsonal ondu –50 m. bizkar, 44,37 eta 50 m. bular, 46,34– eta bular estilokoan, SB7 klaseko Espainiako errekor berria ezarri zuen.
Sailkapenari dagokionez, bular estiloko proban zilarra jantzi zuen Buruntzaldea IKTKo igerilariak; tximeletan laugarren sailkatu zen; bosgarren izan zen bizkar estiloan eta seigarren estilo librean.
Euskal Herriko gutxienekoa
Bestalde, Igeriketa taldeko alebinek Ordiziako Majori Udal kiroldegian euren ligako seigarren jardunaldiari egin zioten aurre. Saio horretan Itxaso Iparragirrek 800 m. libre eta 200 m. bular probak egin zituen eta Iñaki García, Ibon Elola, Mario Amantegi, Oihan Matute eta Kimetz de la Cruz bostekoak, aldiz, bizkar estiloko 100 eta 200 metro probak. Guztiek ondu zituzten euren markak eta lehen postuetan izan ziren.

Iparragirrek lehen postua eskuratu zuen 800 m. libreetan (13.15,43) eta proba luzearen ostean, bigarren (03.39,28) izan zen bular estiloko 200 m. lehian.
Bizkar estiloko probetan ere lehen sei postuetan izan ziren Buruntzaldea IKTko igerilari gazteak. Iñaki Garcia lehen postuan izan zen –100 m., 01.05,98 eta 200 m., 02.22,35–, Mario Amantegi bigarren sailkatu zen –100 m., 1.12,58 eta 200 m., 02.36,32 –; Ibon Elolak hirugarren mailan amaitu zuen bietan –100 m., 1.12,90 eta 200 m., 02.38,66 –; Oihan Elolak laugarren markarik onena egin zuen 100 metrokoan (01.14,85) eta bosgarrena 200 metrokoan (02.40,94). Azkenik, Kimetz De la Cruzek seigarren amaitu zuen bietan –100 m., 01.18,95 eta 200 m., 02.47,18 –.
Proba luzean, gainera, Mario Amantegik Euskal Herriko Txapelketarako gutxienekoa eskuratu zuen.