Ohi baino partaide gutxiago abiatu dira Hipodromo ibilbidean barrena Andatza eta Buruntzara bidean. 500dik gora izan ohi dira, baina aurten 350 lagunek bakarrik izan dute aukera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako mugarengatik. Eguraldi txarrak etxean geldiaraziko zituela uste zuena, oker zegoen. Inork gutxik huts egin du.
MX Racing eta Saiatuz kirol elkarteak antolatuta, Lasarte-Oriako Udala eta zenbait babesleren laguntzaz aurrera eraman dute beste behin btt zaleen proba. Hiru ibilbide zituzten aukeran: motza, 25,7 kilometro; ertaina, 31,6 kilometro; eta luzea, 42 kilometro. Lehena edo azkena izan, aurpegian zuten lokatzak ez du helmuga zeharkatu dutenen poza ezkutatu. Besarkadak, garaipen keinuak eta irribarreak ez dira falta izan.
Proba luzeko lehen hiru gizonezko eta emakumezkoek sari bana jaso ohi dute eta probaren amaieran podiumera igota banatu ohi dizkiete. Aurten, iritsi ahala, Asier Odriozola aurkezlearen galderak erantzun eta jaso dute zegokiena. Izan ere, eguraldia ez zen zain egoteko aproposena. Sariez gain, gainerako partaideek bezala, Patxi Larrañagaren txistorra dastatu, egarria berdindu edo saldarekin barrena berotzeko aukera izan dute guztiek.
Bizikletak garbitzeko gunea izan ohi dute ibaiertzean, baina askok ez dute haraino joateko beharrik izan lokatza kentzeko. Lurrean utzita, euriak egin du lan hori. Txirrindulariek beraiek ere zabalgunean bertan utzi dute gainean zeramaten lokatzaren parte handi bat. Haietako batek Odriozolari esan bezala, datorren urtean mendia berriro neurtu beharko dute, handik ekarri duten lurra ikusita.