Gaixo dauden presoen etxeratzea eskatu dute Azken Ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko martxoaren 31

Osasunaren Nazioarteko Eguna apirilaren 7a dela eta, Lasarte-Oriako Sarek gaixo dauden presoen inguruan ardaztu du martxoko Azken Ostirala. Ibilbidea moldatu, eta Elizatze Okendorekin lotu beharrean, plazatik abiatuta aldarrikapen ekintza anbulatoriora eraman dute. Abiatu aurretik, gaur amaituko den hilabeteko data esanguratsuenari –Martxoak 8– lotuta, emakumeak eta espetxea izan dituzte gogoeta gai.

Osasunak eta osasungintzak garrantzia berezia hartu dute azken urteotan, eta errealitate horrek osasun baldintzak eta gaitzen artatzeak duen garrantzia ikusarazi du. Horregatik, Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperatan, preso daudenen egoera erdigunera ekarri nahi izan du Sarek. Hamazazpi dira gaixotasun larriak dituzten euskal presoak, horietako bat, Ibon Fernandez Iradi herritarra. 

Salbuespenezko espetxe politikek, hau da, urruntzeak eragindako bakardadeak, zigorraren luzapenak,  ia bizi osoko kondenen ezarpenak eta baimenak zein hirugarren graduak lortzeko ezintasunak  "eragin zuzena" dute presoen osasunean: "arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak... sortzen dituzte", zerrendatu ditu idatzia irakurtzeko ardura izan duen Pili Kastresanak. 

Horrek, gainera, bestelako ondorioak ere baditu, lege arruntaren aplikazioak, berriz, preso horiek etxean egotea eta euren gaitza ahalik eta modu egokienean artatzea ahalbidetuko luke. Izan ere, salbuespen legediaz gain, espetxeetako osasun baldintzak, "profesional eta baliabide faltak", kaltegarriak baitira. "Espetxeek ez dute behar bezalako osasun zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen". Horregatik, "arduraz jokatu" eta larriki gaixo dauden presoen etxeratzea aldarrikatu dute  beste behin. "Espetxea ere gure gizartearen zati bat da. "Denoi dagokigu egoera hori aldatzea eta arduraz jokatu dadin eskatzea, bai kalean bai instituzioetan ere. Elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidea elkarrekin egin dezagun. Etxean eta bizirik nahi ditugu. Ibon, etxera", amaitu du. 

Emakumeak eta kartzela

Martxoko Azken Ostirala izanda, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, euskal emakume presoen egoeraren berri eman dute. "Gizarte honek ez du aurreikusten emakume batek ezer txarrik egin dezakeenik, araua hautsiko duenik, eta beraz, espetxea ez da emakumeentzako pentsatutako espazioa", ondorioz, modulu gutxiago daudenez, bakartuago eta sakabanatuago daude. Horren adibide da egun Euskal Herritik urruti dauden euskal preso politikoak hiru emakume izatea: Ainhoa Zaeta Frantzian dago,  925 kilometrotara; Irantzu Gallastegi eta Jaione Jauregi, Espainian, 520 eta 425 kilometrora, hurrenez hurren. 

Espetxeko esperientzia ere ez da bera. Birgizarteratzearen aitzakiapean, "emakume txarrak hartu eta emakume onak produzitzea" helburua du. Horretarako, lan eremuak, tailerrak, janzkerak, araudia, sexualitatea bizitzeko mugak eta abar baliatuz. Hortaz, sistemak erreproduzitzen jarraitzeko beharrezko kontrol mekanismo bat da eta horren adibide diren zenbait lekukotza irakurri dituzte Zuriñe Rodiguezek eta Oihana Etxebarrietak idatzitako Borroka armatuak eta kartzela liburutik ateratakoak. Haietako baten esanetan, "bizitzan gertatu zaidan guztiarekin bizirik atera banaiz, oso  gauza gogorrak izan baitira, feminismoari esker izan da. Indarra eman dit, ideologia eman dit, neure burua babesteko armak eman dizkit, armak tresna zentzuan. Feminismorik  gabe ezin nezake nire bizitza ulertu".

Horiek irakurrita, borrokan jarraitzera deitu dute, "barruan zein kanpoan daudenak zainduz eta feminismotik arrakalak sortzen.