Norberak nahi duena ikusten du

Txintxarri Aldizkaria 2023ko api. 2a, 00:49

Tentazioa konpainiak Nunca he estado en Dublin antzezlanaren emanaldia egin du larunbat iluntzean Manuel Lekuona Kultur Etxean. Besteen bizipen eta sinismenen onarpenari buruzko komedia garratza da eta aretoa ia bete duten lasarteoriatarren interesa piztu du.

Amesti familia Eguberria ospatzeko elkartu da. Aurtengoa berezia da, hiru urteko hutsunearen ondoren, Londresen bizi den Elena alaba etxera bueltatuko baita; eta ez dator bakarrik, Cindy neska lagun irlandarrarekin baizik.

Afal aurreko uneetan gurasoak eta anaia urduri daude. Elena ez da lehenago etxera itzuli azkenekoz elkar ikusi zutenean lesbiana zela esan zienean eman zioten erantzuna txarra izan zelako. Gertatutakoa konpontzeko gogotsu daude gurasoak, baita Cindy ezagutzeko irrikitan, baina inork ez du espero Cindy pertsonaia ikusezina izatea, familiaren oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat. Onartu ala ez erabaki beharko dute, alaba berriro galtzeko arriskuarekin.