KIUB bulegoa: "Apurka-apurka etortzen ari dira herritarrak"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 31a, 10:09

Lasarteoriatarrek kontsumitzaile gisa erreklamazioak egiteko aukera dute, berriz ere, hilaren lehenetik aurrera. KIUB bulegora joan behar dute horretarako

Ia hiru urtez zerbitzua etenda egon ostean, hilaren 1az geroztik martxan da, berriz ere, KIUB Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa. Bertako langileek azaldu dute herritarrak "apurka-apurka" joaten ari direla kontsultak eta erreklamazioak egitera, eta hilabetearen balorazio "positiboa" egin dute.

Hilabete pasatxo igaro da berriz ere KIUB bulegoak ateak zabaldu zituenetik. Zein martxa darama?  Etorri da herritarrik?
Apurka-apurka datoz. Zerbitzua berriz ere martxan jarri dela jakiten ari da jendea, eta pixkanaka-pixkanaka badatoz herritarrak. Ahoz ahozkoa funtzionatzen ari da, eta balorazio positiboa egiten dugu.

Zein kontsulta edo tramite egitera etortzen dira? 
Batez ere telefono, gas edota argindarraren fakturen erreklamazioak egitera etortzen dira.

Zer erreklamatzen dute? 
Kexu dira hornitzaile enpresarekin kontratatu duten zerbitzua ez delako jasotzen ari direna, edo adostutako prezioa garestitu egin dietela aurrez inolako abisurik eman gabe.  Izan ditugu, baita ere, zerbitzu batean bajan eman arren, faktura jaso dutenak ere. Gisa horretako egoerak bideratzen laguntzen diegu.

Eta nola laguntzen da horretan? Zein tramite egiten duzue zuek? 
Bitartekari lanak egiten ditugu guk. Esan bezala kontsumitzaileen kexak entzun eta erreklamazioak egiten laguntzen diegu.

Eta horrelako tramite bat egiteko zein dokumentu ekarri behar dituzte erabiltzaileek? 
Akatsa duen edo erreklamatu nahi dutena agertzen duen dokumentua ekartzea ezinbestekoa da, adibidez, argindarraren, telefonoaren, gasaren, edo dena delakoaren faktura.

Eta zer nolako erantzunak jasotzen dituzte erabiltzaileek? 
Bada, begira, martxan daramagun denbora tarte honetan, erantzun dituzten erreklamazio guztiek erabiltzaileen alde egin dute, hau da, onartu egin dira. Oraindik badira erantzunik jaso ez dutenak, prozesuan daudenak.

Zein egun eta ordutegian joan daitezke lasarteoriatarrak KIUBera? 
Astean zehar ematen dugu zerbitzuan. Astelehenean, 15:00etatik 20:00etara egoten da bulegoa zabalik, eta asteartetik ostiralera, aldiz, 09:30etik 14:30era. Eskatzen diegu, ahal dela hitzordua hartuta etor daitezela. Ez da nahitaezkoa, baina tramite bakoitzak bere denbora behar du eta ez saihestu nahi dugu erabiltzaileak hemen denbora luzez zain egotea. Horretarako, telefonoz dei gaitzakete, honako zenbakira:  943-36 16 05.