Giacomo Puccini konpositore italiarraren Turandot operaren emanaldi digitala izango da hurrengo jarduera, hilaren 12an, asteazkenez. Danok Kide elkarteak eta udalak antolatu dute proiekzioa: kultur etxean izango da, 19:00etan. Sarrerek 7,5 eta 9 euro artean balio dute.
Zinema izan ohi da programan falta ez den diziplinetako bat. Okendo Zinema Taldeak bi pase egingo ditu. Lehenengoa, hilaren 14an, 22:00etan, kultur etxean: Paul Urkijok zuzendutako Irati proiektatuko du. Bigarrena, berriz, 28an, toki eta ordu berean: Steven Spielberg-en The Fabelmans. Horiez gain, beste zenbait emanaldi antolatu ditu udalak. Igandean, esaterako, Momiak emango dute haurrentzat, 17:00etan, eta El triángulo de la tristeza helduentzat, 19:30ean. Pazko Asteko igandean, hilak 16, beste bi pelikula botako dituzte, Violeta, el hada traviesa eta Irati, 17:00etan eta 19:30ean, hurrenez hurren. Azkenik, hilabeteko azken igandean Lau ahizpa magikoak eta Loli Tormenta ikusi ahalko dituzte herritarrek, 17:00etan eta 19:30ean baita ere. Helduei zuzendutako filmen sarrerek 6 euro balio dute, eta haurrenek, 4.
'Go!azen' eta Sinfonia Navarra
Apirilean zehar bi kontzertuz gozatu ahalko dute lasarteoriatarrek, kultur etxean. Aurrenekoa Go!azen telebista saioko aktoreek egingo dute, hilaren 22an, 17:00etan. Sarrerek 4 euro balio dute. Hurrengo egunean, Gaztanbide, la alegría de vivir y cantar ikuskizuna eskainiko du Sinfonia Navarra taldeak. Aretora sartzeko 14 euro ordaindu beharko dituzte ikus-entzuleek.
Bestalde, Dantzaren Nazioarteko Eguna izango da hilaren 29a, larunbata. Bi egun lehenago, topaketa bat aurrera eramango du Kukuka eskolak, diziplina artistiko hori jorratzen duten herriko beste zenbait eragilerekin batera. Okendo plazan emanaldi ugari egingo dituzte, 19:00etan hasita.
Udaberriko Bertso Saioa
Ttakun Kultur Elkarteak, udalarekin elkarlanean, Udaberriko Bertso Saioa egingo du hilaren 29an, larunbatarekin, 19:30ean. Sarrerek 6 euro balio dute.