Hilaren 24an herrian jo zenuen berriro, Insausti tabernan.
Lasarte-Orian aritzeko gogoa nuen, aspaldiko partez. Soinu ekipoa ez zen onena, nik ere baliabide gehiago ez ditut, eta ahotsa joan egiten zen batzuetan. Egokitzea kosta zitzaidan apur bat baina bigarren zatian batez ere gozatu nuen. Gainera, aurrera egin ahala jende gehiago etorri zen, eta pozik. Oro har, ondo joan zen.
Asteburu berean Albizturren izan zinen. Zer moduz han?
Askoz gusturago jo nuen, ongi entzuten nuen dena, ikus-entzule dezente etorri ziren... Gainera, ez nuen ezagutzen herri hori [Tolosaldean dago]. Ongi dago nire lana beste toki batzuetan ezagutzera ematea.
Horrek esan nahi du gero eta jende gehiagok duela egiten ari zarenaren berri, ezta?
Egia esan, ez dakit nola izan duten nire berri, harritu nau, oraindik ez dudalako ezer grabatu. Hori egiten badut, errazagoa izango da nire musika zabaltzea.
"Nire kantuak grabatzen baditut, errazagoa izango da nire musika zabaltzea"
Non izango da hurrengo emanaldia?
Araba Euskaraz ikastolen jaian joko dut, ekainaren 11n. Gasteizen egin zuten Gazte Talent lehiaketako euskarazko saria irabazteagatik izango dut aukera hori. Horrez gain, hiri horretako Jimmy Jazz aretoan kontzertua eman nuen, eta diru pixka bat ere eman zidaten.
Erreferentziazko tokia da Jimmy Jazz. Aukeran, aretoa ala taberna nahiago?
Desberdinak dira. Iruditzen zait, oro har, aretoetara joaten den jendea artista ikustera joaten dela eta arreta gehiagoz jarraitzen duela kontzertua, tabernetara joaten direnek baino. Jimmy Jazzen jo dut 3-4 aldiz, eta azkeneko horretan aritu naiz besteetan baino gusturago, oso-oso ondo. Soinu tresneria hobea da, eszenatokia ederra, argiekin eta... Orain arteko emanaldi onena izan dela esango nuke.
Kasualitatea izango da, edo ez, baina beste areto bateko kontzertu batekin ere oso-oso gustura nago, duela bi urte Usurbilgo Sutegin eman nuenarekin.
Sortu duzuna grabatzea aipatu duzu lehen. Buruan duzu hori egitea?
Bai. Hamar abesti ditut bukatuta, baina batzuetan iruditzen zait egiten dudana ez dela nahikoa ona, ez duela balio, ez duela merezi... Hurrengo egunean, justu kontrakoa. Seguru nago baina gero ez, Eire taldeak Amaitu baino lehen abestian esaten duen bezala. Uste dut aukera bat eman behar diodala nire buruari, disko oso bat ez bada, kantu batzuk behintzat grabatzeko.
"Batzuetan, iruditzen zait egiten dudana ez dela nahikoa ona, eta, hurrengo egunean, justu kontrakoa. Uste dut grabatzeko aukera behintzat eman behar diodala nire buruari"
Zein da urratsa oraindik egin ez izanaren zergatia? Konfiantzan gorabeherak, baliabide edo laguntza falta...?
Konfiantzatik badu apur bat. Bestalde, ez ditut soilik ahotsa eta gitarra grabatu nahi, soinu eta instrumentu gehiago sartu nahiko nituzke, nahasketa zabalagoa egin. Puntu horretan nago: ideiak baditut, baina gauza batzuk zehaztea falta zait.
Kantugintzan hasi zinenetik bakarlari gisa aritu zara. Aldatzeko gogoa duzu?
Bai, probatu nahi ditut gauza berriak. Ez dut esan nahi bakarrik jotzen jarraituko ez dudanik, baina aldatu nahi dut, talde bat sortu. Baxua eta gitarra baditut, Pogrom taldeko Hugo Iñigo eta Skakeo-ko Julen Goenaga. Bateria bat behar dut baina ez dakit nori esan, biolin jotzaile batek ezetz esan dit, agian Julenen anaiari proposatuko diot. Bi kanta bidali dizkiet, ea zer egin dezakegun.
Dena den, taldean jotzeari buruz ez dakit asko, eta musikaz ere gehiegi ez, akorde batzuk; orain artekoa horrela egin dut.
Kanpotik ikusita, egin duzuna ez da gutxi. Aipatu ditugu zenbait emanaldi, Gazte Talent lehiaketa ere bai... Duela gutxi Arkupe Hotsak egitasmoan parte hartu duzu. Zer da hori?
Formakuntza baten antzekoa izan zen, Eñaut Gaztañagarekin, musikaren alor teknikoari buruz. Tutorea Gartxot Unsain izan zen. Horrez gain, kontzertu bat eman nuen, lehenengoa izan nintzen. Nire asmoa zen taldearekin egitea emanaldi hori, baina ezin izan nuen, datagatik. Esperientzia ona izan zen, asko ikasi nuen!
Zer, adibidez?
Rider bat egiten ikasi dut, kontzertu bat emateko zer behar duzun zehazteko erabiltzen den dokumentua. Gitarra bat eta kable bat ditut eta ondo jartzen ikasi dut, baimenak eskatu… Txorakeria batzuk ematen dute, baina jakin egin behar dira. Gainera, Eñaut ezagutu izanak ere aukerak ekar diezazkidake, nire lana grabatzerakoan adibidez… Laguntzeko prest daude haiek, kontaktuak egitea ere inportantea da. Gainera, beka horrek aukera ematen dit Dinamoa Azpeitiko Sormen Gunera joateko entseatzera. Kontua da Lasarte-Oriatik bertara badagoela distantzia, eta ni bakarrik joateko… Egunen batean joango naiz agian e, ekipoa izugarria dago, hemen dirua sartu dute, Gartxotek hori esan zuen sartu zenean (barreak).
Taldearekin hasten banaiz, aprobetxatzeko aukera polita izan daiteke Azpeitikoa, denok batera joateko hara.
Elkarrizketa prestatzerakoan, besteak beste, zure Twitter kontua saltseatu dut. Arreta deitu dit esaldi honek: "Kantuak hasi ta bukatu gabe uzten dituen horietakoa naiz".
Nire abesti batean esaten dut hori, Bi ahotsetara izenekoan. Batetik, kantuei erreferentzia egiten diet, baditudalako beste hamar bat amaitu gabe. Bestetik, metaforatik ere badu, zerbait egiten hasten naizelako eta bukatu baino lehen beste gauza batzuekin jartzen naizelako. Horrez gain, sare sozialetan zer jarri ez nekien, eta esaldi hori gustuko dudanez, ba hortxe.
Bukatuta egon ala ez, nola sortzen dituzu abestiak? Nolakoa da prozesua?
Aurreneko abestia 16-17 urte nituela egin nuen, ez dakit nola ere. Esaldi bat aurrena, akorde segida bat gero... Ez dut prozesu jakin bat jarraitzen. Osorik egiten dudan aurreneko gauza musika da, letra gero jartzen diot. Batzuetan, idazterakoan, bertsoen neurriak erabiltzen ditut, silaba jakin batzuetara moldatu behar duzulako esan nahi duzuna.
"Kantuak sortzerakoan, osorik egiten dudan aurreneko gauza musika da, letra gero jartzen diot"
Hori egin bitartean gozatu ala sufritu egiten duzu?
Bai, disfrutatzen dut. Frustrazioa ere badakar, ez bazaizu ateratzen zuk nahi duzuna. Askotan pasa zait hau: azterketa garaian gitarra hartu eta despejatzeko jotzen hasi, arratsalde guztia pasa eta gero ikasteko denborarik ez. Sufritzekoa ez da hala ere, kontrakoa. Bukatzen duzunean sentitzen duzun satisfazioa, adibidez...
Dikotomia faltsu bat izango da ziur asko, baina hona galdera: kantak sortu ala kontzertuak eman?
Kontzertuak emateko abestiak sortu behar dituzu. Beno, bertsioak jo ditzakezu, noski… Bietatik egiten dut nik, baina, batez ere, sortu dudana erakustea gustatzen zait.
Eginda dituzun hamar abesti horiek jotzen dituzu kontzertuetan?
Bai, eta bertsio batzuk ere bai: Mikel Urdangarin, Benito Lertxundi... Uste dut nire hamar kantu horiekin pixka bat motz geratuko nintzatekeela. Hala ere, asmo nagusia da ikus-entzuleek nire lana ezagutzea.
Insaustiko kontzertuan kantu batzuen jatorria azaldu zenuen jotzen hasi aurretik. Ikus-entzuleekin harremana estutzeko modu bat da?
Niri ez zait gustatzen kontzertua ematera joan eta abestiak soilik jotzea, hasi eta bukatu. Uste dut interesgarria dela sortzaileak esatea abesti bakoitzaren atzean zer dagoen. Bi ahotsetara-rekin hasten ditut emanaldiak, niri buruz hitz egiten dudalako kantu horretan. Abestu egiten dut aurrena, eta azalpenak eman gero.
"Uste dut interesgarria dela sortzaileak esatea abesti bakoitzaren atzean zer dagoen"
Hamar abesti bukatuta, eta beste hainbeste bidean. Baten batekin ari zara buru-belarri?
Oraintxe bertan ez naiz sortzen ari, alfer samar nabil zentzu horretan. Kantatzeari uztea ere pentsatu nuen, baina buelta eman diot. Boladak dira, espero dut erabaki hori ez hartzea. Denbora eman dut gitarra armairutik atera gabe, azkenaldian, kontzertuen aitzakiarekin, gehiago jotzen dut, emanaldien aurretik entseatzen, eta abar. Batez ere, musika asko entzuten ari naiz uneotan.
Zer, zehazki?
Olaia Inziartek Lehengo lepotikan burua diskoa atera zuenean, ez nuen besterik entzuten. Valeria Castrorekin hasi naiz orain, eta nahiz eta egunerokoan ez entzun, atera dituzten kantu batzuk ere gustatu zaizkit, Rosaliak eta Raw Alejandrok ateratakoak edo Miley Cyrus-en Flowers, adibidez.
Olaia Inziarterekin badituzu ezaugarri batzuk komunean: bakarlaria, ahotsa, gitarra... Zure erreferenteetako bat da?
Bai, bada. Gitarra akustikoa eta pianoa dira bere oinarriak, baina beste dimentsio batera eraman ditu. Azken diskoko kantu guztiak izugarri gustatu zaizkit, eta bat esatekotan, Berak badaki, Hofe artistarekin batera egin duena. Ez da nire estiloa, baina izugarri gustatu zait.
Noiz hasi zinen gitarra jotzen?
11-12 urte nituela. Maialen Uribe lagunak esan zidan apuntatu egin zela, eta animatu egin nintzen. Jon Lasarekin aurrena, eta Aitzol semearekin gero. Ondoren, Udal Musika Eskolan aritu nintzen 2-3 urtez, baina ez zidaten ikasi nahi nuena irakatsi: notak. "Solfeoa ez dakizu", esan zidaten. Bertara joateari uztea erabaki nuen. Gero, pianoarekin aritu nintzen urtebetez.
Zein da zure instrumentu gogokoena?
Pianoa eta biolina gustatzen zaizkit besteak baino gehiago, bien soinua. Egia esaten badizut, gitarrarekin hasi nintzen sortzen ez nuelako a capella abestu nahi, ahotsarekin bakarrik. Gustatuko litzaidake pianoarekin berriz hastea. Instrumentu hori ere eramango nuke emanaldietara jotzen eta abesten jakingo banu, baina landu egin behar dut. Abesti bat egin nuen, baina gitarrarekin jotzen dut gaur egun. Zentzu horretan, iruditzen zait estankatu egin naizela apur bat, pausoak lehenago eman nitzakeela. Dakidanarekin aurrera egin behar.
"Gustatuko litzaidake pianoa ikasten hastea berriro"
Exijentea zara zure buruarekin?
Bai, banaiz, batzuetan bai.
'Biba Zuek' saiora zoaz gero [hilaren 30ean egin dugu elkarrizketa, goizean]. 'Estankatuta' egoteko ez dago gaizki, ezta? Telebistatik ez dute edonor deitzen.
Bai... Exijentea naiz nire buruarekin eta gutxietsi ere egiten dut. Lehen esan dizudana, gurpila: batzuetan uste dut nire lanak ez duela behar bezainbeste balio; besteetan, baietz. Ea ongi doan, Bilatu gabe aurkitutakoak kantua joko dut programa horretako Diskotxokoa atalean. La oreja de Van Gogh taldeko abeslari Leire Martinezek aurkezten du tarte hori.
Maialen Aristegi Letamendia, Biba Zuek saioan
Beste galderarik ez dut nik, Maialen. Beste ezer esan nahi baduzu, aurrera.
Batetik, uste dut herrian ez daudela nahikoa espazio gure lana erakusteko. Udalak hori sustatu beharko luke. Gainera, entzun dut entseatzeko gelekin gertatzen ari dena, trabak jartzen dituztela. Horretarako espazio bat baduzu, erraztasunak eman, kontrakoa ez egin.
Bestetik, baloratu egin behar dugu artisten lana. Aprobetxatzen saiatzen dira, 'Aizu, joko duzu doan?', eta horrelakoak. Elkartasun jaialdietan-eta egingo dut hori, baina, bestela, ez. Ahalegin asko dago horren atzean eta balioan jarri behar dugula uste dut.