Haur sahararrei uda bateko besarkada ematera deitu dituzte lasarteoriatarrak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko martxoaren 30a

"Oporrak Bakean egitasmoaren helburua da 300 bat haur saharar Euskal Herrira ekartzea; familia lasarteoriatarrak animatzen ditugu ekimenean parte hartu eta umeren bati uda gurekin igarotzeko aukera ematera". Tomas Arrutiren hitzak dira, aipatu proiektua Lasarte-Orian sustatzeaz arduratzen ari den herritarretako batenak. Jakinarazi du izena emateko azken eguna apirilaren 25a izango dela, asteartea. Webgune honetan topatuko dute informazio gehiago: www.oporrakbakean.eus. Bestela, 696 01 47 86 telefono zenbakira deitu dezakete. Hori da Gipuzkoako kontaktua.

"Kanpalekuetan une gogorrak jasaten dituzte: udan, adibidez, 55 gradutik gora izaten dituzte, jasanezina da hori", adierazi du Arrutik. "Bi hilabetez etortzen dira haurrak, ekain amaieratik abuztu bukaerara arte. Tarte hori aprobetxatzen dugu mediku azterketak egitera eraman eta elikadura aproposa emateko". Pandemiak proiektuari eragin dio; iaz berreskuratu zuten ume horiek etxeetan hartzeko aukera. "Koronabirusaren aurretik, sei bat pertsona etortzen ziren gurera", gogoratu du. "Herritarren bat animatzen bada eta gugana jotzen badu, Oporrak Bakean egitasmoa kudeatzen dutenengana bideratuko dugu". 

Gogor lanean, 2009tik 

Oporrak Bakean programaren lantaldea 2009an eratu zuten, Mendebaldeko Saharako Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkaritzak hala eskatuta. Bertako kideek, Euskal Fondoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako boluntarioek aurrera eramaten dute egitasmoa, herriz herriko udal eta taldeekin elkarlanean. Helburu nagusia, esan bezala, familia euskaldun edo udalekuetan 8 urteko haur sahararrak hartzea da, udarako hilabeteetan. 

Antolatzaileek nabarmendu dute "oso onuragarria" dela ekimenean parte hartzea umeentzat, "osasun kontuengatik, ikasten duten guztiagatik eta bizitzen duten esperientziagatik". Bidenabar, harrera familientzat ere "komenigarria" dela adierazi dute. "Errealitate berri bat ezagutu eta elkartasuna nahiz enpatia jorratzen dituzte".