BTTek Andatza eta Buruntza hartuko dute igandean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko martxoaren 29a

BTT Lasarte-Oria probako zein udaleko ordezkariak, lehiaketako babesle den BMW Lurautoko ibilgailuaren ondoan.

Apirilaren 2an, igandearekin, 9:00etan, BTTaren zaletuek hitzordua izango dute Lasarte-Orian. BTT LEM Lasarte-Oria probaren hamabigarren edizioa antolatu dute MX Racing eta Saiatuz kirol elkarteak Lasarte-Oriako udala eta hainbat babesleen laguntzaz. Iñaki Blanco antolakuntzako kideak, Txus Alonso kirol zinegotziak, Nuria Fernandez sozioekonomiako buruak eta Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak aurkeztu dute gaur eguerdian kirol ekimena

Udal arduradunek eskerrak eman dizkiete lasterketako antolatzaileei herrian horrelako proba bat aurrera eramateagatik. Era berean, maila teknikoan ahal duten guztian lagundu dutela adierazi dute, baita sozioekonomia sailak probari 2.450 euroko laguntza eta kirolariei banatzeko Tratu On Bat markako poltsak eman dizkiela ere.

Iñaki Blanco antolakuntzako kideak eskaini ditu BTT LEM Lasarte-Oria probaren nondik norakoak.

Aurten probak 350 parte hartzaile izango dituela jakitera  eman du: "Izena ematea ireki eta gutxira plazak bete ziren.Aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako mugarengatk 350 kirolari izango ditugu bakarrak. Baina lanean jarraituko dugu aurreko edizioetako 500 kideak berreskuratu ahal izateko".

Andatza eta Buruntza mendietatik zehar hiru ibilbide egingo dituzte btt zaletuek: motza  – 25,7 kilometrokoa, "erraza herritarrek parte hartu ahl izateko"–  ertaina (31,6 kilometro) eta luzea (42 kilometro).

Lau anoa gune izango dira. Hiru ibilbidean zehar; horietako bitan, Inguru Bikesen laguntza teknikoa izango dute txirrindulariek. Eta azkena Okendo plazan izango da; bertan Patxi Larrañagaren txistorra dastatuko dute guztiek.

Horrez gain, parte hartzaileek Askatasuna parkean bizikletak garbitzeko gunea izango dute eta Maialen Chourraut kiroldegiko dutxak ere erabili ahalko dituzte probaren antolatzailearen hitzetan.

Dortsalak eta maillot banaketa apirilaren 1ean Urbileko Eroskin 10:00etatik 13:00etara eta egunean bertan 7:30etik 8:30era Antonio Mercero gunean egingo dela jakitera eman du Blancok eta parte hartzaileei aurreko egunean jasotzek gomendio egin die.

Azkenik, nahiz eta eguraldi iragarpena ona ez izan, BTT zaletuek ongi pasa eta ibilbideez gozatzea espero dute antolatzaileek.