Atsobakar egoitzako plazak bikoiztu eta tutoretzapeko sei apartamentu eraikiko dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2023ko martxoaren 29a

Gizarte Zerbitzuak saileko buru Lourdes Acevedo eta Agustin Valdivia alkatea, gaurko agerraldian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak adostu dute Atsobakar egoitza zabaltzea, eta egoiliarrentzako plaza kopurua ia-ia bikoiztea: 57 daude orain, eta 108 izango dira zabaltze lanak amaitzen dituztenean. Obra horiek berriki atera dituzte lizitaziora: 10.314.858 euroko kostua izango dute. Adjudikazioa irabazten duen enpresak bi urte izango ditu lanak gauzatzeko. Toki gehiago egiteaz gain, tutoretzapeko sei apartamentu eraikiko dituzte, eraikin berriko goiko solairuan, autonomoak diren adineko pertsonentzat. Kaletik sartu ahalko dute pisu horietara. Udalak kudeatuko ditu.

Agustin Valdivia alkateak eta Gizarte Zerbitzuak saileko buru Lourdes Acevedok adierazi dute "oso pozik" daudela erdietsitako akordioarekin. "Hiru urteko lan gogorra izan da. Bilera ugari egin ditugu Aldundiko Gizarte Gaietako diputatu Maite Peñarekin; fruitua eman dute", adierazi du Valdiviak. "Plaza gehiago eskaini ahalko dizkiegu herriko adinekoei, eta itxarote zerrendan egon beharreko denbora murriztuko, azpimarratu du Acevedok. "Funtsezkoa da pertsona horiek euren ingurunean bizitzen eta Lasarte-Oriako bizitzaren parte izaten jarraitzea". Bestalde, alkatearen hitzetan, "adi" egongo da udala, obrek "ahalik eta gutxien" eragin dezaten honezkero egoitzan dauden egoiliarren egunerokoan.

"Gaur egun, Atsobakarrek U forma du; obrekin, itxi egingo dute, eta O bilakatu", azaldu du alkateak. Horrez gain, aldeetan bi hegal zabalduko dituzte. Lehen esan bezala, tutoretzapeko sei apartamentuak goiko solairuan eraikiko dituzte: indibidualak edo bikoitzak izango dira, oinarrizko azpiegitura guztiekin eta terraza banarekin. Gehitu du udalaren eskumena izango direla pisu horiek, eta gurean egiten dituzten aurrenekoak izango direla. Europako Next Generation funtsarekin finantzatuko dituzte lanak bi erakundeek, oso-osorik.

Erakundeen arteko elkarlana

Atsobakar egoitzan aurrera eramango dituzten lanen nondik norakoak zehazteaz gain, Valdiviak eta Acevedok balioan jarri dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako elkarlana. "Bataren zein bestearen helburuak eta interesak bat datozenean horrelako akordioak erdiesten ditugu eta onuradun handienak herritarrak izaten dira", nabarmendu du Gizarte Zerbitzuetako buruak. "Batzuetan, bilera eta lanketak egiten ditugu baina ez dira mamitzen; kasu honetan, ordea, bai", adierazi du alkateak. "Euren artean kolaboratzea da administrazio eta erakundeen zereginetako bat". 

Agerraldia amaitu aurretik, bi udal ordezkariak azpimarratu dute Atsobakar egoitza zabaltzeak langile gehiago behar izatea dakarrela, eta horrek "lanpostu berriak" sortuko dituela.