Agustin Valdivia alkateak amaitzear den agintaldiaren balorazioa egin du gaur goizean Herriko Etxean. Mandatu garaia ez dela erraza izan azpimarratuz hasi du agerraldia, zailtasunak eragin dituzten egoerak zeintzuk izan diren argituz: COVID-19ak eragindako osasun larrialdia eta Ukrainiako gerra. Gaineratu du, gertakari horiek herritarren bizitzei eragiteaz gain, udal kudeaketan ere ondorioak izan dituztela. Gertakari horiek tarteko, nabarmendu du agintaldi hasieran hartutako konpromisoen %84a bete dutela; "harro" agertu da horrekin, eta, barkamena eskatu du, osatu ezinda geratu diren konpromisoengatik.
Arloz arloko gainbegiratua egin du jarraian, alkatetzatik abiatuta. Aipatu du sail hori "irekia" izan dela, berak karguari ekin zionean azaldu bezala. Uste du alkatetza herritarrei irekitako gune izatea "funtsezkoa" dela, eta hala izan zedin saiatu dela. Datuak ere ezagutarazi ditu. 2019. urtetik aurten artea, guztira aurrez aurreko 591 hitzordu artatu ditu, eta horrekin batera, 884 kexa eta iradokizun ere bai.
Elkarbizitzaz eta memoriaz solastu da gero, eta, azaldu, oroimenetik bizikidetza, herriekiko elkartasuna eta giza balioen aitortza sustatu dituztela.
Errepasoa, sailez sail:
- Parte hartzea eta Gardentasuna
Herritarren parte hartzea "sozialistek lasarteoriatarrekin duten konpromisoa" dela azaldu du, eta, jakinarazi, hori hala delako egin dituztela 40 prozesu inguru. Horien artean aipatu ditu zenbait; lurrazpiko edukiontziak mantentzeari edo kentzeari buruz egindakoa; kiroldegi berriaren gainekoa; aurrekontu parte hartzaileak; Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarena; edota, Herritarren Bulego Ibiltariarena, besteak beste.
- Etxebizitza eta hirigintza
Etxebizitzari dagokionean, PSE-EEk babes ofizialeko etxebizitzen alokairua edo etxebizitza sozialen proiektu berriak garatzeko lan egin duela azaldu du alkateak. Horien adibide gisa aipatu ditu, besteak beste, Zabaleta Berri eta Zatarain eremuetan babes ofizialeko etxebizitzak egiteko bideratu diren eremuak, edota Cocheraseko partzela.
Ingurumena errespetatzen duen Lasarte-Orian bizi ahal izateko, eta herria irisgarria izateko zein auzoak hobetzeko hiri plangintzaz ere mintzatu da; hor aipatu ditu honako jardute hauek: Klimaren eta Energiaren Plana; terrazak eta mahaitxoak jartzea arautu duen ordenantza berria; Hiri Antolamendu Plan Orokorra (biharko deitu duten ezohiko udalbatzarrean onartu asmo dute); eta Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana. Azalpen horri eutsiz, zenbait auzotan egindako inbertsioen berri eman du. Basaundi bailara, Jaizkibel plaza, Erribera auzoko etxabeak, Geltoki kalea, Karmengo kapera eta Oztaran eta Arranbideko Plan Zuzentzailea izan ditu hizpide, besteak beste.
- Ikastetxeetako lanak
Lasarte-Oriako ikastetxeez ere hitz egin du. Azpimarratu du zentro horietako zuzendaritzekin eta guraso elkarteekin batera inbertsio plan handi bat gauzatu dutela; guztira 2.385.248 euro inbertitu dituzte, eta aurreikusitako lanen artean, Landaberriko fatxada falta da.
- Zerbitzu publikoak
Alkateak uste du herriko kaleak eta plazak garbi eta baldintza egokietan mantentzea funtsezkoa dela herriari bizia emateko. Horregatik, udalerri osoko kaleak edo ekipamendu publikoak garbitzeko hainbeste ahalegin egin dute. Asfaltatze kanpainari egin dio azpimarra nagusia arlo horretan, jakinaraziz 322.377 euro bideratu direla lan horietara. Komun publikoen sarean ere jarri du arreta, baina Gabonetako argiterian, eta hilerrian egindako asfaltatze eta amiantoa kentzeko lanetan ere.
Ez ditu alde batera utzi haurrentzako parkeetan egindako inbertsioak. Atsobakar auzoan, Isla zein Juan XXIII plazetan parke berriak eraiki dituzte. Urdaburu plazan ere jolas eremu berria eraiki dute, eta zenbait konponketa egin dituzte Tximistarretakoan, Bitartekoan, Urko plazakoan eta Txartelekoan. Jakinarazi du, gainera, Jaizkibel plazako parkea berriaren eraikuntza amaitzear dagoela.
Hiri busari dagokionean, aipatu du Manttangorri zerbitzua MUGI sarean sartu dutela, eta zerbitzu hori abuztura arte luzatzea lortu dutela. Hil horretatik aurrera martxan jarriko den zerbitzu berria diseinatu dutela iragarri du, eta, aurreratu, autobusa elektrikoa izango dela, ordutegi zabalagoa izango duela, gauetako zerbitzua izango duela, eta Zabaleta eta Zataraingo gune berrietara ere iritsiko dela.
- Garapen jasangarria
Etxeko eta merkataritzako hondakinen gaikako bilketa hobetzeko emandako urratsak ere errepasatu ditu alkateak. Nabarmendu du PSE-EE hondakinak biltzeko sistema hobetzearen alde dagoela, eta esan, gainerako indar politiko guztiekin adostu duela 2023an ezarri duen sistema berria.
Gogorarazi du hondakin organikoen edukiontziak bezala, errefusarenak ere txartel bidez erabiltzekoak jarri dituztela. Horrek herriko birziklatze tasa hazten lagunduko duela iritzi du Valdiviak. Herriko leku ezberdinetan jarritako lau garbigune txikiez ere hitz egin du. Eta ingurumenari dagokionean, Tokiko Energia Komunitatea eratzeko egiten ari diren ahaleginak ez ditu ahaztu.
- Gizarte zerbitzuak
PSE-EEk herritarren eskubide eta aukera berdintasunaren alde lan egiten duela azaldu du alkateak, eta, azpimarratu, prestazio eta laguntza asko eskaintzen dizkiela arlo horrek aurrera egiteko zailtasunak dituzten kolektiboei. Agintaldiak iraun bitartean eman dituzten laguntzak gogorarazteaz gain, martxan jarri duten unitate psikosozialari egin dio azpimarra berezia.Horrekin batera, berdintasunaren alorrean emandako pausuak ere aipatu ditu; horien artean, Bigarren Berdintasun Plana eta Berdintasun Kontseilua.
- Sozioekonomia
Sozialistek enplegu duin eta egonkorraren alde egindako lanaren zenbait adibide ere ekarri ditu. Enpresa eta ekintzaileei emandako laguntzez hitz egin du Valdiviak; aipamen berezi egin die pandemia garaian tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alde egindako ahaleginari, eta Aterpea merkatarien elkartearekin duten akordioari ere bai. Beterri Buruntza mankomunitatea eratu izanaren garrantzia ere nabarmendu du.
- Kultura eta hezkuntza
Lasarte-Oria "bizi" baten aldeko apustuan, kultura eta hezkuntzaren arloan emandako pausuak ere errepasatu ditu. Horien artean aipatu ditu hileroko kultur etxeko agenda kulturala, eta herriko zenbait kultur elkarterekin dituzten akordioak; Zurmailu, Alboka, Zero Sette, Kukuka, Erketz, Lasarte-Oria aldizkaria eta Semblante Andaluz horien artean. Hezkuntzari dagokionean, berriz, eskola materiala erosteko diru laguntzetan jarri du arreta alkateak.
- Gazteria
Gazteei zuzendutako ekimenak sustatu dituztela nabarmendu du alkateak, balioak eta aisialdirako "modu berriak" sustatuz.
- Jaiak
Jaiak, Lasarte-Oriaren "arimaren parte" direla azpimarratu du alkateak, eta pandemia garaiari begira jarriaz, gogoratu du bi urtez sanpedroak etenda egon izanagatik, "indarrez eta parte hartze handiarekin" itzuliko direla. Agintaldian sail horretan egindakoak ere aipatu ditu, hala nola, Gabonetako jarduerak, eta Inauteritakoak. Horrez gain, auzo elkarteekin eta hainbat eragilerekin sinatutako hitzarmenak ere aipatu ditu.
- Kirolak
Kirol ekipamenduak "proiektu konplexuak" izan direla nabarmendu du, eta, gaineratu, "zailtasun asko" gainditu behar izan dituztela, pandemiak edota Ukrainiako gerrak eragindako lehengaien garestitzeak proiektu horiek eraikitzeko materialen kostuak %20 eta %30 artean garestitu baitituzte.
Kiroldegi berriari dagokionez, aipatu du udalaren orain arteko inbertsiorik "handiena" suposatu duela. Iragarri du lizitazioa udaberri honetan jarriko dela martxan, eta, obrak ere urte honetan hastea aurreikusten duela. Atsobakar kirol proiektuaz ere mintzatu da. Jakinarazi du obra adjudikatu dela, eta eraikitze lanak Usurbilgo Udalak obra baimena eman bezain laster hasiko direla.
Informazio hau guztia xeheago azaltzen duen liburuxka prestatu dute, eta datozen egunetan jasoko dute herritarrek etxeko postontzietan.
Auzoz auzo egitasmoa
Auzo auzo egitasmoaren balantzea egiteko ere baliatu du agerraldia. Herritarrekin hitz egin eta maiatzeko hauteskundeetara begira euren iradokizun eta ideiak jasotzeko aurrera eraman du PSE-EEk ekimen hori. Zortzi auzotan izan dira eta guztira 123 pertsonen proposamenak jaso dituzte horietan. Etxez etxe banatutako eskuorrien bidez, berriz, 81 herritarrek bidali dizkiete iradokizunak, eta hamabost posta elektroniko ere bai.