'Biba Zuek' saioan izan da Oihan Navarro gaztea, bere aldaketa prozesua kontatzen

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 29a, 10:05

Ezker-eskuin: Markel Zoraquiain, Oihan Navarro eta Mei Arregi.

Bizipoza elkartearen Mundu berri bat guztiontzat egitasmoaren hirugarren CD-DVDan parte hartu du Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteak, Ikus dezadan abestiarekin. ETBko Biba Zuek telebista programako lagunek saiora gonbidatu dituzte hiru kide transgenero, haien baitan bizitzen ari diren aldaketa prozesua gertutik ezagutzeko: Oihan Navarro lasarteoriatar gaztea, Mei Arregi eta Markel Zoriaquiain.

"15 urte betetzear nituela jabetu nintzen mutila nintzela", kontatu die Navarrok Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia aurkezleei. Lagun bati kontatu zion aurrena, eta amarekin hitz egiteko aholkatu zion hark. "Barruan neraman guztia askatu nuen berarekin, eta esan nion hilabete batzuk hartuko nituela gaiari buruz pentsatzeko; denbora hori pasata, trantsizioarekin hasi nahi nuela esan nion". "Une txar batzuk" pasa dituen arren, prozesua "primeran" darama gazteak: "Hartu ditudan erabakiekin gustura eta harro nago". 

Hormonazio prozesuari ekin aurretik, izena aldatzea erabaki zuen. "Iruditzen zait badela definitzen zaituen elementu bat dela, iruditu zitzaidan aldatu egin behar nuela izena, gainerakoek mutil gisa ikusteko ni". Lasarteoriatar gazteak adierazi du "oso ondo" hartu zutela albistea bere ingurukoek, oro har. 

Biba Zuek saioko elkarrizketa hemen ikus dezakezue