Buruntzaldea IKTko igerilariek errekor eta gutxieneko marken poltsa handitu dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko martxoaren 29a

Nahia Zudaire, proba bat amaitu ostean. Arg: Buruntzaldea IKT.

Igeriketa egokitutako Erkidego Arteko Espainiako Txapelketa eta Udaberriko Saria. Bi hitzordu garrantzitsuri aurre egin zioten Buruntzaldea IKTko igerilari gazteek hilaren 25ean eta 26an

Nahia Zudaire taldekidea Madrilen lehiatu zen igeriketa egokitutako lehiaketan. Euskadiko Selekzioaren izenean parte hartu zuen Zubietako igerilariak zazpi probatan hilaren 

Bakarka estilo libreko 100 m., 200 m. eta 400 m. probak jokatu zituen. 

200 metroko saioarekin hasi zuen asteburua Buruntzaldea IKTko igerilariak. Ongi hasi ere. Lehen postua eskuratzeaz gain, bere marka pertsonala ondu (02.26,98) eta Espainiako errekorra lortu zuen igerilari gazteak.

400 metroko lehian ere bikain aritu zen eta garaile izan zen. 05.01,76 marka egin zuen gainera, bere marka pertsonala lau segundotan hobetuz eta S8 mailako Espainiako errekor berria ere ezarri zuen.

Igandean, 100 m. librean, aldiz, bosgarren izan zen (01.11,09).

Lau errelebo mistoetan ere borrokatu zen Buruntzaldea IKTko igerilaria: lau estiloetako 4x50 m. eta 4x100 m. probetan zein estilo libreko 4x50 m. eta 4x100 m. saioetan. Estilo libreko errelebo motzean izan ezik – seigarren izan ziren– , beste hiruetan bosgarren izan zen taldea. Eta sailkapen orokorrean ere  Euskadik bosgarren amaitu zuen. 

Markak eta gutxienekoak
Irungo Azken Portu igerilekuan, aldiz, Udaberriko Saria lehiatu dute Buruntzaldea IKTko absolutu, junior eta infantilek. 

Taldeko 11 kide izan ziren lehian eta guztira 18 marka pertsonal ondu zituzten; horien artean dira Euskal Herriko Txapelketarako lau gutxieneko eta Junior mailako Espainiako Udako Txapelketarako gutxieneko bat.

Euskal Herriko txapelketarako markak Miren Sarobek – 100 m. bizkar eta 50 m. tximeleta probetan–, Garazi Etxeberriak (800 m. libre) eta Iker Gorosteguik (800 m. libre) lortu zituzten.

Eta Etxeberriak berak Udako Espainiako sailkapen marka egin zuen 50 m. bizkar saioan.

Igeriketa taldeko arduradunak pozik daude kirolariek egindako lanarekin eta txapelketa horrekin denboraldiko lehen zatiari amaiera ematen diotela jakitera eman dute.

Udaberri Sarian parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.