Aloña Mendi taldeko Jon Presa herritarra berriro podiumeko gorenera igo da. Oraingoan 30. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko proba motzean lortu du garaipena herritarrak. Presa ez zen Azkoitia eta Azpeitia arteko probaren batean parte hartu zuen herritar bakarra izan; beste herritar bat izan zen 8,1 kilometroko proban korrika eta beste sei lasarteoriatarrek 20 kilometroko proba lehiatu zuten.
Beroa eta haizeari aurre egin zioten bi probetako parte hartzaileek. Lasterketa motzean Presak aurre hartu zuen eta bakarrik egin zuen ibilbidea.
Azken hiru kilometroetan beroarengatik sufritu zuen eta gainera, atzetik zetorren Mustapha Archaoui gerturatzen ari zela ere ikusi zuen herritarrak. Azken esfortzua eginez, iritsi zen lehena helmugara, 26.29.
Trinko taldeko Julen Ormazabal herritarrak ere ibilbide motza egin zuen eta 29.39 behar izan zituen helmuga zeharkatzeko.
Proba luzean, aldiz, Trinko taldeko Imanol Arteaga (01.28.13) eta Naroa Salsamendi (02.03.00) izan ziren Lasarte-Oriako herritarren artean azkarrenak.
Lasterketa amaitu zuten gainerako lasarteoriatarrak Trinkoko kide Asier Gorostegi (01.29.08) eta Iñigo Ibarburu (01.47.39) eta Tomax Arruti (01.44.46) eta Peio Fadrique (01.57.12) izan ziren.

Beste probak
Hilaren 26an, berriz, Donostia eta Hondarribia batzen dituen Talaia Bidea lasterketan ere izan zen Lasarte-Oria edo herriko talde bateko ordezkaririk. Dortsala zozketa bidez eskuratu eta bi hiriak batzen dituen kostaldeko bidea egin zuten zazpi herritarrek.
Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) Sergio Ramirez 02.33.51 denboran egin zuen 30,8 kilometroko bidea.
LOTMEko hainbat taldekide ere izan ziren proban lasterka: Jon Huici 02.36.57, Ricardo Marcos 02.47.29 eta Xabier Carcedo, 02.58.47.
Parte hartu zuten gainerako lasarteoriatarrak Mikel Benito (03.25.18), Igor Sevillano (03.27.38) eta Amancio Carrillo (03.36.28) izan ziren.
Horrez gain, LOTMEko hainbat kide 54. Aizkardi mendi ibilaldiaz gozatzen izan ziren. 25 kilometroko ibilbide motza egin zuten.