Eskualdeko kooperatiba, enpresa eta egitasmoei zuzendutako formakuntza saioa egingo du Beterri Saretuzek, ekonomia eraldatzailean sakontzea xede duen aurtengo zikloaren barruan, Ingurumena enpresen iraunkortasunaren parte izenburupean. Biodibertsitatearen galerak, airearen kalitateak eta klima aldaketak enpresetan izan dezaketen eraginaz eta, alderantziz, enpresetako jarduerek duten inpaktuaz gogoeta egingo dute, Isladak kooperatibako kide Aiala Zubietaren gidaritzapean. Ostean, partaideek ordu erdiko bisita gidatu bat egingo dute Usurbilgo Lanbide Eskolan barrena. Bertako instalazio fotovoltaikoa ezagutuko dute.
Beterri-Buruntzako ekonomia eraldatzailearen sareak antolatzen duen aurtengo hirugarren eta azken formazio saioa izango da hori. Aurretik, entzute metodologia nola garatu eta enpresetan berdintasuna nola landu aztertzeko saio bana burutu dituzte, Andoainen eta Hernanin, hurrenez hurren. Jarduera horiek guztiak gauzatzeko, diruz lagundu die Gipuzkoako Foru Aldundiak.