Elkarrengandik ikasi eta elkarrekin ospatu

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 25a, 22:07

Ernai Gazte Antolakundeak hamarkada bete du aurten, eta, ospatzeko, jarduera ugari egiten ari da herriz herri. Lasarte-Oriako taldeak larunbatean aurrera eraman ditu arrazoi horrengatik prestatutako ekimenak. Hasteko, iragana eta oraina lotuz, Herriko gazte mugimenduak ezagutzen mahai ingurua gauzatu dute Xirimiri elkartean.

Txorimalo, Elebeltz, Akelarre, Lasarte Moria... Dozena bat lagun batu dira, norberaren bizipena partekatu dute eta egindakotik baliagarri izan daitekeena gero etorri direnen eskura jartzeko. Besteak beste, bakoitzak militantziari nola ekin zion azaldu du, taldea sortzeko zer behar edota hutsunek bultzatu zituen gogoratuta.

Garai eta errealitate oso bestelakoak bizi izan dituzte. Sare sozialak, Internet eta sakelakoak hedatuta ez zeuden mundu batean abiatu zuten Txorimalo. “Insubordinazio ariketa izan zen, beste modu batera militatzekoa. Herrian gauza pila bat mugitu zitezkeen, baina batzuk goitik zetorrenera lerratzen ziren”, gogoratu dute. Diagnosi bat egin zuten gazteen beharrei buruz eta horri lotuta, komunikazio kanpaina bat, “inork betetzen ez zuen espazio bat betez”. Lasarte-Moriaren kasuan, berariaz feminista zen talde misto bat zen, modu autonomoagoan aritzeko, “horrek beste jende bat batzea ekarri zuen”. Kultura ere izan da elkartzeko haria. “Lasarten jende pila zegoen musika eta kultura interesatzen zitzaiona eta ez zuena enkajatzen ikasteko antolaketan. Elkar ezagutzeko gogotik eta elkarrengandik ikastetik musika eskola sortu zen. Kultura beste kezka sozial batzuekin lotzen da, hortik abiatuta sareak eta harremanek beste esparru batzuetarako balio dezakete”.

Urtetako ibilbidean, Elebeltz gune garrantzitsua izan zela nabarmendu dute denek, “pentsatzeko lekua", eta Xirimiri elkargune gisa; baita eten puntu bat izan zela Ana Urchueguiak alkate izateari utzi eta EH Bilduk udal agintea lortu izana. Egungo kideek, berriz, momentu konplikatua dela uste dute. “indibidualismo batean sartuta gaude gazteak gero eta gehiago sare sozialen garapenagatik. Lanetik etorri eta taberna zuloan sartzen gara mozkortzera. Beharrak ditugu, baina horiek asetzeko bidera ez gara iristen”. Gainera, jendea eroso ikusten dute, urratsa egiteko prest ez dagoela.  

Gogoeta partekatu horren aurrean, gazteenek nabari dute lehen gauzak egitea edo jendea biltzea “erraza” zela, alegia, horren kontzientziatuta ez zeudenak edo kanpoko jendea erakartzea; hein batean, saretuago zeudelako, harreman gehiago zutelako. Gakoa herriko jendea bilduko lukeen ideia topatzea da, eta hori hala izanda ere, huts egiteak egin zituztela ere aitortu dute aurrekoek, lagun ugari erakarriko zutela pentsatu eta oso gutxi bildu zituzten ekimenak, kasu.

Non eta nola elkartu, beste eragileekin harremanak, mobilizatzeko gaitasuna... zenbait gaitan oinarrituta egindakoak gainbegiratu dituzte, aholkuak eman eta elkarrekin hausnartu. Hori izan da goizeko ardatza, eguerdian, aldiz, leku berean bazkaria egin dute, eta jarraian, trikipoteoa Ankoker-ekin. Musika gabeko ospakizunik ez da, eta arratsaldean izan da unea. Insausti tabernan Ameba talde usurbildarrak kontzertua eman du.