Gazteleku aurreko zabalgunean bi aulki; batean, Garmendia eta bestean, Matute. Haien aurrean, eserlekuetan edo aulkietan eserita, eta bereziki zutik, herritar ugari, EH Bilduko bi ordezkariek esateko zutena entzuteko gogoak hona ekarriak.
Garmendiak egin dizkio galderak Matuteri, legegintzaldian EH Bilduk babestutako edota sustatuko neurriei buruz, baina baita egiteko dagoenaren gainean ere. Hala, esaterako, EH Bilduk urteotan zertan aurrera egin duen jakin nahi izan du alkategaiak. Bizkaitarraren esanetan, alderdiak ahalegina egin du herri honen erronkak ulertzeko eta horiek gehiengoetatik baldintzatzeko, jendea batuz proiektuari. "Herritarren erronkei eta desberdintasun guztiei erantzuteko gai izango den mugimendu bat sortzeko ahalegina. Hori da nire ustez gure aurrerapen lerroa", nahiz eta akatsak eta huts egiteak ere egin dituztela aitortu. "Asmoa argia da eta ez dugu ezkutatzen: gehiago izan nahi dugu, irabazi egin nahi dugu; badakigulako guk egiten ez duguna gure aurka egingo dutela".
Egungo erronkak ere hizpide izan dituzte. Besteak beste, lau aipatu ditu Matutek: Klima aldaketa eta horri erantzuteko beharrezkoa den desazkundea eta energia berriztagarrien aldeko apustua; bizitza duina bermatzeko inbertsioak, osasungintza eta hezkuntza, esaterako, indartuz; eredu industriala, kalitatez eta berrikuntza teknologikoan oinarritutako ekoizpena etorkizuna bermatzeko; eta publikoaren defentsa, "merkatuaren erasoak geldiarazteko tresnak dituen gizarteak hobe bermatzen ditu jendearen eskubideak. Horrek esan nahi du Osakidetzak indartsuagoa izan behar duela, sektore estrategikoetan sartu behar dugula: energia, banka... logika neoliberalarekin hautsiz", zehaztu du.
Garmendiaren galderak erantzuten joan da diputatua eta ekitaldiaren amaieran bertaratutakoenak entzuteko tartea ere izan da; baita talde argazkia eta mokadua egitekoa ere.