Basoko naufragoa eta boskote arrakastatsua, azken bi dokumentalen ardatz

Txintxarri Aldizkaria 2023ko martxoaren 26a

Okendo Zinema Taldeak antolatutako Euskal Dokumentalen Zikloaren azken hiru emanaldiak egin dituzte asteburuan. Larunbatean eta igandean, gainera, proiektatutako bi lanen egileekin hitz egiteko aukera izan dute ikus-entzuleek: Zumiriki lanaren zuzendari Oskar Alegria eta Los Xey, una historia de película-rena, Eneko Olasagasti, hurrenez hurren.

Zinema saio hirukoitzaz gozatzeko aukera izan dute lasarteoriatarrek aste honetan, izan ere, Okendo Zinema Taldeak prestatutako zikloak kultur etxeko auditoria hartu baitu ostiral, larunbat eta igandean, emanaldi bana eginda. Ostiralean, Arantza Santestebanen  918 gau proiektatu zuten, zuzendariak espetxean igarotako denborari erreferentzia egiten dio izenburuak eta horien oroitzapena du oinarri. 

Larunbatean, berriz, Zumiriki lanaren txanda izan zen. Oskar Alegriak Nafarroako Pirinioko baso batera helduko den naufragoa da, naturarekin eta haurtzaroarekin bat egiteko asmoz. Ibaiaren ertz isolatu batean zurezko txabola bat eraiki zuen, haurtzaroan jolastoki zuen uhartetik gertu. Gune hori uharka baten eraikuntzak desagerrarazi zuen, urperatuta, nahiz eta zuhaitzak oraindik zutik dauden. 

"Zumiriki" hitzak ibai baten uren arteko lurra adierazten du, uhartea. Filmaren izenburuak aipatu lekuari erreferentzia egiteaz gain, Alegriaren aitak idatzitako hiztegi txiki baten azken hitza ere bada. Itzaina zen eta idiekin joaten zen ibaiertz horretara, baina "hitzaina" ere bazela dio Alegriak, hau da, "hitzen zaindaria". Euskarazko hitzak bere erresuman galtzen ari zirela eta, txikitatik ikusi zuen aita haiek gortzen. "Naufragio horretatik zer erreskatatu ahal dugu" galdetu zion bere buruari zuzendariak eta hori izan zen proiektuaren abiapuntua. "Azken hitza berreskuratzen badugu, pauso bat izango da". Lortu duela dirudi, duela hiru urte "zumiriki" bilatuz gero Interneten ezer ez baitzen agertzen, egun, berriz, 8.000 erantzundik gora. "Zortzimilako bat konkistatu dugu". 

Dena berak bakarrik egin du, posprodukzioa izan ezik, bere lagun batekin batera egin baitu. "bakarrik ibili naiz, baina oso polita izan da ere naufragio horren artean ibiltzea". Basoko gauzekin ibili da eta aurkitutako horrekin bizi, lau hilabetez. Aitarengandik ikasi zuen "mirakulu baten zain" egon behar dela, hau da, zain. Ezeren zain egotea dela zailean ikasi du. "Lehen bietan gauzak egiten, baina une batean dena egina zegoen, eta hor adierazi ezina den zerbait gertatu zen". Horregatik, elementu gakoa aulkia dela uste du, "esperoan egoteko". Ideia horiei lotuta, bordetara joan zen artzainen azken gauean, "beren unibertsoa itzaltzen den gau horretan" zer gertatzen zen jakiteko. Ez zen ezer gertatzen. "Inakzioa. Zer gertatzen da ezer ez gertatzen denean? Gauzak gertatzen dira. Argia, adibidez". 

Mundu osoan ezagunak

Gaur, berriz, Los Xey, una historia de película ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek. 1940an sortutako musika talde donostiarraren bi hamarkadako ibilbidea gainbegiratzen du dokumentalak. Munduko talde ospetsuenetako bat izan zen eta belaunaldi askotan aztarna utzi zuen. Horren kontaketa egiteko, senideek, musik adituek eta haien egungo homologo diren Golden Apple Quartek taldeko Loyola Garmendiak.

Bost urteko proiektua izan da. Olasagastiri Garmendiak kontatu zion Los Xeyen historia, bere taldeak omenaldia egiteko dokumentazioa biltzen aritu zirenean. Haien bizimodua nolakoa izan zen ulertu nahi izan du eta uste du lortu duela. 

Abestietako asko beraiek idatzi zituzten, Txomin Arrasatek, bereziki; baina garaiko konposatzaile ezagunek, "herrialde bakoitzeko onenek", ere beraientzat sortu zituzten. Bitxikeria gisa, Madrid txotis ezaguna, Agustin Larak idatzi zuen Los Xeyentzat.

21 urteko ibilbidea osatu ondoren, bereizi egin ziren eta orduan bakoitzak ahal zuenean lan egin zuen, batzuek etxera bueltatuta eta beste batzuek Hegoamerikan. Gaizki pasatu zuten kideetako batzuek.  "Diru asko irabazi zuten, baita gastatu ere. Gehien irabazi zuten aldia, Habanan, hiru abesti kantatzeagatik garaiko 1.500 dolar ordaindu zizkieten". Gau berean hiru saio egitera iritsi ziren, bakoitza hiruzpalau abestikoa izaten zen. 

Material asko bildu du Olasagastik eta aitortu du kosta egin zitzaiola aukeraketa egitea. "Sakonago ikertu nahi duenarentzat kutxa horietan material asko dago". Hala ere, egin zuten guztiaren zati asko ez da gorde. 

Eskerrak eman dizkiote ikusleetako batzuek euren bizitzaren parte izan baitzen taldea. Loyolaren arreba ere bertan zen anaia dokumentalean agertzen zela ez zekiela aitortu du, eta berari ere "ilusio handia" egin dio.