Antzerkiaren Nazioarteko Eguna kalean ospatu du Kukukak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 25a, 15:55

Antzerki eta Dantza Eskolako kideek bi egun aurreratu dute data esanguratsu horren ospakizuna. Ikasleek esketxak egin dituzte Okendo plazara egindako desfilearen geldiuneetan, eta plazan, errepikatu. 

Basotxo plazatik abiatu da Kukuka Antzerki Ta Dantza Eskolako prestatutako erakustaldia. Bertan egin bezala, Jaizkibel eta Dorre plazan etenaldiak egin dituzte esketxak antzezteko. Bidea, berriz, musikak lagunduta eta txaloka osatu dute. 

Aurreikusitakoa baino beranduago iritsi dira helmuga zuten Okendo plazara. Lurrean eseri dira aktore gazteak eta txandaka atera dira bakoitzak prestatutakoa erakustera. Janaria eta edaria lapurtzen duen ustezko estatua, talentu lehiaketa bateko partaideak, jan ondoren izandako amesgaiztoa, parke batean egindako lapurreta, lasterketa bat...

Amaitzean, bidean lagun izan duten musikaren doinura altxatu dira denak eta ilara osatu dute. Haien aurrean jarrita, Samiha Ayoub antzezle egiptoarrak idatzitako manifestua irakurri dute Kukukako bi kidek. Antzerkia "gizakiaren ekintza hutsa da, gizadiaren benetako esentzian oinarritzen dena, hau da, bizitzan", baieztatu du Ayoubek bere idatzian. Baita antzerkiaren alorrean lan egiten duten guztiek salbuespenik gabe, agertokira igo aurretik existitzen ez zen bizitza sortzen dutela ere. "Bizitza honek merezi du eutsiko dion esku maitekor bat, besarkatuko duen bular maitekor bat, begiko izango duen bihotz onbera bat eta bizirik irauteko behar dituen arrazoiak emango dizkion buru soil bat".

"Ezjakintasunaren eta estremismoaren iluntasunari" aurre egiteko artearen argia aldarrikatu du. "Gure ahalegina, denbora, izerdia, malkoak, odola eta nerbioak jartzen ditugu, mezu noble hau lortzeko". Halaber, basakeriaren, arrazakeriaren, gatazka odoltsuen, alde bakarreko pentsamenduaren eta estremismoaren irudi zitala arbuiatu, eta antzerkigileen eginkizuna "itsusia, odoltsua eta ankerra" den guztia "ederra, garbia eta gizatiarra" denarekin alderatzea dela gogoratu du. "Guk, eta ez beste inork, bizitza zabaltzeko gaitasuna dugu. Mundu eta gizateria baten alde egin dezagun elkarrekin".