Ibaiertzetik gertu landatu zituzten Euskararen 10. Maratoian bi haritza. Lehiaketa egin zuten haiei jarritako plaka bakoitzean zer hitz idatzi erabakitzeko. Horiek ezagutarazi dituzte Udaleko Euskara departamentuko buru Jon Antxordoki eta Ttakun Kultur Elkarteko Andoni Anabitartek. Bertan izan dira Zortzikoteko sei kide, GuruBuruak, Agustin Valdivia alkatea, Lourdes Acevedo eta David Mateos zinegotziak eta zenbait herritar. Antxordokik eskerrak eman dizkie denei han izateagatik eta bi esaldiak dituzten plakei estalkia kendu die Anabitarterekin batera. Lehena, joan direnen omenezkoa, Anabitartek irakurri du. Izaskun Manterolaren esaldia da: "Gazte, heldu, euskaldun zahar zein berri zuk eman diozu bultzada Lasarte-Orian euskarari. Bihotzez, mila esker, maratoilari". Bigarren plakakoa, aldiz, bertso eskolako ikasle Xuban Uralletarena da: "Kimuak ditzagun zaindu, goxatu eta ureztatu, herria eta hizkuntza daitezen loratu", irakurri du Antxordokik.
GuruBuruek "freetourra Sinai mendian" gisa –bi zuhaitzen arteko bidea– deskribatu dutena amaituta, gune honen garrantzia azaldu dute. Euskarari egindako "aldarea" da, "euskararen bilgunea", eta fededunek Done Jakue bidea egiten duten moduan, euskararen erromesek bertara egin beharko dute, gutxienez, bizitzan behin. Etortze hutsa ez da nahikoa, ordea. erritual bat ere burutu beharko dute: Lur santua zapaldu, hatzak haiek bezala jarri, eta 888 egin. Argitu dutenez, zortzia da Euskararen zenbakia. Zergatik zortzi? Hori azaltzean trantzean sartu dira bi profetak: "Zortzikoatea", "zortziak bat", "Urrian Maratoialdia da, hamar ken bi zortzi", "hemen zortzinaka jar zaitezkete", "zortziko txikia, zortziko handia"... "Euskararen zenbakia zortzia da. Oso justifikatuta dago. Oso", amaitu du BuruBagak argudio zerrenda.
Hortaz, zortzi buelta eman behar dituzte erromesek bi zuhaitzen artean zortzia marraztuz, iraganetik etorkizunera, "gure baitan" mantra errepikatuta. "Zortzi zentzu batean, zortzi bestean", zehaztu du BuruBigak; "eta egiten duzu Maratoia", bota dio BuruBagak. Bukatzeko, Oria ibaira joan, ur bedeinkatua hartu eta zortzi aldiz joan-etorria egin beharko dute. Ondoren, "ez han, ez hemen, hamen" bota beharko dute, bi zuhaitzen erdibidean eta bakoitzak zuhaitz bat irudikatu, norberak barruan duen euskararen araberakoa izango dena. Horrek gogoetarako bide emango die erromesei. "Eukaliptoak eta pinuak , mesedez, saiatu ez ateratzen. Zuhaitzak dira, asko daude, baina hori ateratzen bazaizue, hausnartu nola dauden zuen barruko euskara", ohartarazi du BuruBigak.
Ibaiertzeko komun publikoen ondoko kokapena ez da kasuala, "euskara komunean, denok daukagulako amankomunean", baita hizkuntzak ezin duelako izan zerbait "garbia, purua, heldu ezina". "Oso espirituala eta debalde" egin behar den zerbait bada ere, horrelako aldare bat Lasarte-Orian jartzea erakargarri turistikoa ere izan daitekeenez, negozio bideak ere pentsatu dituzte. Souvenir denda bat jarriko dute eta bertan, sorioneku eskuak, ur bedeinkatua potetxoetan, Salda badago kartela... salgai. Mantra aplikazioa, erritoa irakasteko dinamizatzaile soziokulturalak, zortzikotearen argazkia burua sartu eta argazkia egiteko, kartoizko GuruBuruak edo eurak bezala jantzitako pertsonak, esaldien plakak, tatuatzaileak... Denetarik bururatu zaie guruei.
Zortzikotearekin erritualaren zati bat egin eta talde argazkiarekin amaitu dute aurkezpena. Jarraian, kultur etxerako bidea hartu dute, izan ere, Isa Fernandez de Agirrek eta Edu Galardik Euskararen 10. Maratoialdian grabatutako irudiekin osatu duten ikus-entzunezkoa proiektatu baitute. Bideoa ikusteaz gain, noski, dantzan ere egin dute Zortzikoteko kideek eta haiekin batera emanaldira bertaratu diren herritarrek ere.