HAPO plana onartzeko akordioa lortu dute ELOPek eta PSE-EEk

Txintxarri Aldizkaria 2023ko martxoaren 23a

Argazkia: Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos

Etxebizitza politika sozialen garapenean oinarritzen da akordioa, Lasarte-Oriako bizilagunak gehien kezkatzen dituen arazoetako batean, eta, besteak beste, honako neurri hauek aurreikusten ditu: udalerriari dagokion Cocherasen partzela alokairu sozialeko etxebizitzetarako soilik erabiltzea eta etxebizitzaren behatokia sortzea.  

Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos eta PSE-EE alderdiek akordioa lortu dute Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartzeko. Horri esker, Cocheraseko eremu osoa alokairu sozialerako etxebizitzak eraikitzeko erabiliko da; hala jakinarazi du Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek.

Bi alderdi horien helburu partekatua da udalerrian alokairuko etxebizitzen eskaintza zabaltzea, eta horretarako, beste neurri batzuen artean, 2023ko udal aurrekontuetan partida espezifiko bat bideratuko da udalerrian etxebizitza hutsen erregistroa abian jarriko duen pertsona bat kontratatzeko. Gainera, iragarri dute etxebizitzen behatoki bat sortzeko konpromisoa ere hartu dutela.

Akordio horren bitartez, halaber, kiroldegiaren egungo lurzatiaren kalifikazioari eutsiko zaio, eta ekipamendu bat eraikitzeko erabiliko da. Horren erabilera nagusia adinekoentzako eta gazteentzako ostatuak izango direla zehaztu dute. Gainera, egungo gobernu taldeak konpromisoa hartu du Oriagain eremuan alokairu sozialeko ehun etxebizitza eraikitzeko. 

"Lankidetza fase berria"

Elkarrekin Podemosek "oso positibotzat" jo du akordioa, bi alderdien arteko "lehen hurbilketa urratsa" delako, eta "sintonia fase berri bati" ekiten  diolako. Elkarrekin Lasarte-Oria Podemoseko bozeramaile eta alkategai Miguel Agel Tolosak, PSE-EEren "jarrera ona" azpimarratu du, eta, nabarmendu, gainera, ez dela akordio puntual bat, baizik eta datozen urteetako Lasarte-Oria elkarrekin eraikitzeko lankidetza bide bat. Tolosa bera ere "oso pozik" agertu da etxebizitzen gaia konpontzeko urrats egokiak eman izanagatik: "Gure herriko bizilagunak gehien kezkatzen dituen arazoetako bat da", gaineratu du.