Puntuz puntu Erregional Gorengo Mailako taldea sailkapenean gora doa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 23a, 13:30

Garaipenaren bidean jarraitzen du Ostadar SKTko Erregional Gorengo Mailako taldeak. Azken hiru jardunaldietan talde urdin-beltzak ez du neurketarik galdu; guztietan emaitza bera izan da, 2-1

Hilaren 18an Astigarragako Mundarro izan zuen aurrez aurre Michelin kirol gunean. Partida borrokatua izan zen Lasarte-Oriako futbol zelaian eta astigartarrak garaitu zituen etxeko taldeak.

Puntuak pilatuz sailkapenean gora doa herriko taldea, egun bosgarren postuan da talde urdin-beltza. Igoera eta jaitsiera urruti ditu Lasarte-Oriako taldeak. ordea. Hala ere, lehen postuetan amaitu nahi du Ostadarrek denboraldia. Oraindik aukerak ditu, baina argi ibili behar du. Hurrengo jardunaldian atzetik bi puntura duen Rotetaren aurka neurtuko ditu indarrak.

Lehen postua galdu 

I. Erregionaleko kopa jardunaldian, aldiz, Texas Lasartearrak FC eta Pasaia KE B taldeen arteko neurketaren emaitzak –0-3 pasaitarren alde – sailkapenaren buruan aldaketa egotea ekarri du; Pasaia lehenengo da eta Texas Lasartearra bigarren.

Bigarren multzoan, Ostadar SKTk bina berdindu zuen Usurbilen aurka eta bosgarren postuan da.