Lasarte-Oriako Irakurle Txokoak solasaldia egin du asteon, hilaren 21ean, Antonio Mercero guneko hitzaldi aretoan. Hilabetero egiten dute hitzordua idazle batekin, baina ohiko saio horiekin alderatuta, zertxobait bereziagoa izan da oraingoa; Martxoaren 8aren egitarauaren barruan antolatu dute azken hau, Lasarte-Oriako Udalarekin batera. Arantxa Urretabizkaia izan da idazle gonbidatua oraingoan, eta berak idatzitako Azken etxea nobelaz hitz egin dute; Uxue Alberdik dinamizatu du saioa.
Hamabost lagun pasatxo elkartu dira aretoan; Irakurle Txokoan parte hartzen dutenak gehienak, baina, izan dira baita ere Urretabizkaiaren bisitak jakin-mina sortu eta saioan lehen aldiz aritzera animatu direnak.
Alberdik hartu du hitza solasaldiari hasiera emateko, eta aurkezpen txiki bat egin ostean, parte hartzaile bakoitzari eman dio hitza; liburuaren gaineko iritzien berri eman diote horiek idazleari. Ikuspuntu askorekin bat etorri dira asko. Jakinarazi dute "irakurtzeko grina" piztu diela liburuak, eta pasarte konkretu batekin "sorpresa" hartu dutela ere bai. Aipatu dute ere, behin eta berriz, aurrez espero ez zuten begirada batetik kontatua dagoela istorioa, eta hori erakargarri egin zaiela.
Ikusmira guztiak entzun ostean, Urretabizkaiak hartu du hitza, eta azaldu, nola eutsi zion bere azken lanera ekarri duen istorioari. Azpimarratu du hasieran ez zekiela zer kontatu nahi zuen, eta bizipen batek eman ziola ideia: "Lagun bati beste adiskide batez, Axunetaz galdetu nion, eta hark esan zidan buru-belarri zebilela azken etxearen bila. Horrek eraman ninduen Azken etxea idaztera; bizitzaren azken urteak pasatzeko etxe baten bila ari den pertsonaia baten bizipenak bildu ditu.
Liburuan agertzen diren pertsonaiak (nagusia eta bestelako gehienak) zaharrak dira, baina Urretabizkaiaren hitzetan, ez "ohiko zaharrak". Argitu du "zahar maitagarriak" izatetik urrun daudela, berak irudi hori eman nahi zielako: "Badirudi, zahartzaroak berdindu egiten gaituela, eta horrekin hautsi nahi izan dut, zahar guztiak ez baikara berdinak, gazte guztiak berdinak ez diren bezala".
Fikziozkoa eta elkarrizketarik gabea
Urretabizkaiak azpimarratu du kontakizuna asmatua dela, fikziozkoa, eta idazteko estiloari dagokionean, ez dakarrela elkarrizketarik, ez behintzat marratxoekin bereizita agertzen denik: "Modu naturalean erabili ditut, ahoz erabiltzen ditugun moduan". Gaineratu du, literaturak "nahi duena" egiteko aukera ematen diola, "senak agintzen diona".
Editorea, lehen aldiz
Hizketaldiak aurrera egin ahala, kontatu du Iratxe Retolaza EHUko irakasle eta literatura aditua arduratu dela liburuaren edizioaz. Eta azalpen hori baliatu du, jakinarazteko bere lan batek editorea izan duen lehen aldia izan dela: "Zuzentzaileak izan ditut, baina editoreak ez. Uste izan dut niri ez zegokidan luxu asiatiko bat zela hori". Gai horri eutsiz, Alberdik adierazi dio "gogorra" egin zaiola Arantxa Urretabizkaia bezalako idazle batek editorerik izan ez duela jakitea. Aretoan bildutakoen artean jakin-mina sortu du gai horrek, eta horri buruz hizketan aritu dira.