Errendimendu txapelketako partidak eman zion hasiera jardunaldiari. Alebin 2. mailako gaztetxoek EPLE izan zuten aurkari. Partida gogorra izan arren, Markel Lopezek eta Ekhi Maizek ongi jokatu eta pilota gutxi galdu zituzten. Ondorioz, 16-10 gailendu zen etxeko bikotea.
Jubenilek hartu zuten pilotalekuan jarraian. Peru Urdanpilleta atzelariaren eskuetako mina dela eta, Udaberri txapelketako lehia honetara bi aurrelarirekin aurkeztu zen Intza Haritza Diaz de Gereñu eta Beñat Olazabal. Nahiz eta etxekoek joko ona erakutsi, Hernaniko bikotea nagusi izan zen, 10-22.
Era honetara, Intzako bi bikoteek txapelketa ezberdinei agur esan diete. Apirilean jubenilek lau eta erdiko txapelketa hasiko dute eta errendimendu mailako bikoteek Udaberri txapelketari egingo diote aurre.
GRABNI lehian
Bestaldea, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa, Errioxa eta Iparraldeko selekzioek GRABNI txapelketa hasi dute.
Modalitate ezberdinetan lehiatzen ari da Gipuzkoako selekzioa eta herriko hiru pilotari deitu ditu taldeak trinketeko lehian taldea osatzeko: larruzko paletan senior mailan Jon Begiristain eta eskuz binakako jubenil mailan, berriz, Peru Urdanpilleta eta Haritza Diaz de Gereñu.