Xuban Urdalleta Joko Garbiko Gipuzkoako txapeldun da jubenil mailan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko martxoaren 22a

Urdalleta, eskuinetik hasita, bigarrena, txapela eta garaikurrarekin. Arg.: Gipuzkoako Pilota Federazioa.

Joko Garbiko Gipuzkoako txapelketako finalak jokatu ziren hilaren 10ean, Villabonako Behar Zana pilotalekuan. Jubenil mailako finalean Zubietako Joko Garbi taldeko bi bikote – Zubieta 1 eta Zubieta 2– izan ziren aurrez aurre. Xuban Urdalleta herritarrak Manex Iparragirrerekin bat eginez zubietarren bigarren bikotea osatu zuen eta txapela jantzi zuen

Joko Garbiko lehia urtarrilean hasi zen. Zubieta 2 izenean Urdalleta herritarra, Iparragirre eta Manex Agirre hirukoak sailkapeneko ligaxka lehiatu zuen eta bigarren sailkatu ziren. 

Zubieta 1k lehen bezala sailkatu zen lehen fasean eta zuzenean lortu zuen finalerako txartela. Urdalletak eta Iparragirrek, berriz, finalerdia jokatu behar izan zuten Zubieta 3ren aurka. 40-24 gailendu ziren herritarra eta bere taldekidea.

Finalean, ederki borrokatu ziren Zubietako bi bikoteak. Neurketa eta txapelketa herritarraren eta Iparragirreren esku geratu zen, ordea; 40-31 irabazi zuten.