Larriki gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 22a, 08:00

Lasarte-Oriako Sarek eta osasun arloko langileek manifestu bat izenpetu dute, enegarrenez eskatzeko eritasun larriak pairatzen dituzten hamazazpi euskal presoak (Ibon Fernandez Iradi herritarra da horietako bat) etxeratzeko. "Gaixotasun horien tratamendu egokia espetxetik kanpo soilik berma daiteke". Agerraldia amaitzean, herritarrak gonbidatu dituzte hilaren 31ko Azken Ostiralean parte hartzera. Hilero bezala, 20:00etan hasiko dira, baina ez Elizatze enparantzatik, Okendo plazatik baizik.

Bi aste eta erdi falta dira apirilaren 7rako, Osasunaren Nazioarteko Egunerako. Data horren harira, Sare Herritarrak eta osasun arloan aritzen diren hainbat langilek (medikuak, erizainak...) gaixotasun larriak pairatzen dituzten hamazazpi euskal presoen egoerari (Ibon Fernandez Iradi herritarra da horietako bat; esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 2013an) erreparatu diote beste behin. Horiek guztiak etxeratzeko eskatu dute, eritasunak artatzeko "tratamendu aproposa jasotzeko modu bakarra" delako. 

Esklerosi anizkoitza, minbizia, HIESa, gaixotasun mentalak (depresioa, eskizofrenia, paranoia obsesiboak, eta abar), bihotzeko arazoak, diabetesa...bezalako gaitzak dituzte espetxeratuta dauden hamazazpi pertsona horiek. "Eritasun horiei baldintza gogorrenetan aurre egin behar diete: senideengandik banatuta eta euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurrien pean", adierazi dute agerraldiaren antolatzaileek. "Jarraipena egiten dieten konfiantzazko medikuen jarduna zaildu egiten du horrek". Azpimarratu dute hamazazpi preso horien egoera "lazgarria" dela: "Legeak etxean egoteko eskubidea aitortzen badie ere, gaixotasun atzeraezin eta sendaezina bilakatu artean kartzelan jarraituko dute, lehen aipatutako baldintza horien pean".

Horren aurrean, larriki gaixo dauden euskal presoen zigorra etetea edo hirugarren graduan nahiz erdizkako askatasunean betetzea galdegin diete agintariei, pertsona horien eritasunen larritasuna eta espetxean jarraitzea "bateraezinak" direlako. "Gaixotasun horien tratamendu egokia espetxetik kanpo soilik berma daiteke".

Azken Ostirala, Okendo plazatik

Agerraldia amaitu aurretik, Sareko kideek jakinarazi dute hilaren 31n egingo dutela martxoko Azken Ostirala. Ohi bezala, 20:00etan hasiko dira, baina ez Elizatze enparantzatik, Okendo plazatik baizik. Manifestazioan irtengo dira handik, erdigunea zeharkatu eta Osasun Zentrora iritsi arte.