Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak intentsitate handiko neurketari egin zion aurre

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 21a, 10:45

Areto futboleko liga azken txanpan sartu da. Bost jardunaldi falta dituzte eta Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak puntuak behar ditu jaitsierako postuetatik ateratzeko. Maialen Chourraut kiroldegian hilaren 18an jokatutako norgehiagokan nabaritu zen etxekoen premia. Antiguoko Fontaneria Iribarren taldearen aurka ederki egin zuten lan Josu Lopezen mutilek eta hiru puntu baliagarri eskuratu zituen

Erritmo handiko neurketa izan zen. Hasieratik bi taldeek goian egin zuten presioa eta horrek ateetan arriskurik ez egotea ekarri zuen.

Jokoa aurrera joan ahala Eguzki kantxan kokatu eta gol aukerak sortzen joan zen. Aldeko korner baten erreboteaz baliatuz, Antiguokok gola egin zuen, ordea.

Zaplaztekoa jaso arren, Josu Lopezen jokalariak ez zuten amore eman eta berdinketa lortzeko borrokatu ziren. Atsedenaldirako bost minutu faltan, Erik Utielen jokaldi paregabeari esker indarrak parekatu ziren markagailuan.

Bigarren zatia gogotsu hasi zuen etxeko taldeak eta aurkariaren atera hurbildu zen behin baino gehiagotan. Gol bat ere baliogabetu zioten Eguzkiri. 

Ahaleginek fruitu izan zuten. Aitor Santestebanek baloia lapurtu ostean, Lander Martinek 2 eta 1ekoa egin zuen. Minutu gutxira etxekoen aldeko penaltia ere izan zen eta Mikel Gonzalezek ez zuen huts egin.

Alabaina, donostiarrak ez ziren esku hutsik joan nahi eta penalti bikoitz bati esker aldea murriztu zuten. Ongi erantzun zuen Eguzkik eta Gonzalezek berriro aurkariaren atea zulatu zuen.

Azken minutuetan Antiguoko jokalari bat galdu zuen eta hori baliatuz, erabakigarria izango zen bost eta bikoa jarri zuen markagailuan etxeko taldeak.

Hurrengo jardunaldia ere garrantzitsua izango da; Ausa Zaldibi izango du aurrez aurre Eguzkik. Zaldibiko taldea jaitsiera postuetatik kanpo dago eta hiru puntuko aldea dago bakarrik.