Sumendiak aktibatu eta sistemari su ematera deitu ditu ikus-entzuleak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 17a, 15:38

Bea Egizabal Olloquiegik 'Magma mia' bere azken lana ekarri du Lasarte-Oriara. Harrera bikaina izan du ikus-entzuleengan; barre algara ugari entzun dira saioan zehar. Sistema heteropatriarkalari kolektiboki erantzuteko deia eginaz amaitu du emanaldia

Bea Egizabal Olloquiegik Magma mia bakarrizketa erakutsi du, ostegun iluntzean, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Agertokira irten eta publikoa agurtu ostean, jakinarazi du hausnarketa batzuk partekatzera etorri dela, eta notizia bat emanaz hasi du saioa. Sistema batean bizi garela berri eman die ikus-entzuleei, eta, nabarmendu, sistema hori askotarikoa (arrazista, kapitalista, kolonialista...) den arren, oinarrian, heteropatriarkala dela. 

Ikusleari hori zer den ulertarazteko, lehenik eta behin, patriarkala hitzaren jatorrian jarri du arreta. Argitu du latinezko Pater hitzetik datorrela, eta gizona esan nahi duela; hori hala izanik, sistema patriarkala, pribilegioa eta prestigioa gizonezkoak duen sistema dela zehaztu du. 

Hortik tiraka, ikusarazi nahi izan du egunerokotasuna nola baldintzatzen duen sistema horretan bizitzeak, eta zein zaila den horren eragina identifikatzea; eguneroko bizipen izan daitezkeen zenbait adibide jarri ditu horretarako. Hegazkinez egindako bidaia batean bizitakoetatik abiatu da, eta adinean aurrera egiteak gorputzari nola eragiten dion kontatu du gero; menopausia aurreko garaian dagoen 48 urteko emakume batek bizitako zenbait egoerez ere mintzatu da, besteak beste.

Adibide guztiak baliatu ditu ikustarazteko zein den sistema patriarkal batean bizitzearen ondorioz eraiki den feminitatea, eta horrek zein paper jokatzen duen emakume baten egunerokoan. Eta hain zuzen ere, hori alde batera utzi, sumendiak aktibatu eta emakumeak bortxatzen, erailtzen, zapaltzen eta jipoitzen dituen sistemari su emateko deia eginaz amaitu du ia bi orduko emanaldia. 

Antzeman da ikus-entzuleak gustuko izan duela obra. Etengabeko barre algarak entzun dira, eta bukaeran, guztiak zutik jarri eta txalo zaparrada indartsu bezain luze batekin eskertu diote erakutsi eta aldarrikatutakoa.